Martin Aranburu, parlamentario.
Silvia Baraldini 51 urteko emakume italiarra da. Italian jaioa, gurasoekin Estatu
Batuetara emigratu zuen bizi baldintza hobeak topatzeko itxaropenarekin. Estatu
Batuetan gutxiengo etnikoek bizi zuten eskubide ukazio egoera ikusirik, eta
komunismoan oinarrituriko balore politikoak bultzaturik, Maiatza 19 taldean
sartu zen. 1981ean bi hildako eragin zituen diru-lapurreta bat antolatu eta
bertan parte hartu zuelakoan atxilotu egin zuten, baina, hilabete geroago, bera
lapurretarekin lotzeko frogarik ez zegoela-eta askatu egin zuten.
1983an, Asata Shukur
militante afroamerikarrari espetxetik ihes egiten laguntzeagatik atxilotu eta
epaitu zuten berriz ere. Akusazioa: iheslari bati laguntzea, talde komunista
bateko kide izatea, eta bi urte lehenagoko lapurreta antolatu eta bertan parte
hartu izana. Frogarik gabeko epaiketan berrogei urteko espetxe zigorra ezarri
zioten, eta beste hiru urte gehitu zizkioten Puerto Ricoko FALN taldeko kide
baten aurkako epaiketan testigantza ez emateagatik. Silviak 36 urte zituen.

Gizateriaren edozein etikatik kanpo dauden bizi baldintzak ezarri zizkioten,
besteak beste zigor-gela bereziak (lur-azpian, leihorik gabe, argia piztuta
gau eta egun, hosgabetuta), gauez hogei minuturo iratzartzea, komunean bideoz
ikuskatua izatea, eta gauza pertsonalak edukitzeko debekua. Lau urtez bizi izan
zen baldintza horietan, eta epe horretan umetokiko minbizi batez birritan operatu
zuten. Harrezkero asko izan dira Silviaren bizi baldintzak hobetzen saiatu direnak,
batzuk bere askapena eskatuz eta beste batzuk bere zigorra Italian bete zezan
eskatuz. Militante komunista izateagatik hain zigor gogorra pairatu behar izan
duen emakume gaixo honek kontzientzia asko astindu ditu Europan, eta, bereziki
Italian, eragile sozial eta politiko asko zuzenean inplikatzea eragin du: alderdiak,
politikari esanguratsuak, Eliza, Europako Legebiltzarra 1996ko erresoluzioan,
eta, azkenik, 1998ko dokumentua hainbat naziok sinatua.

1998an Italiara eraman zuten, gutxienez zazpi urte espetxean pasatuko zituelako
konpromisoa hartuta. Silvia Italian da gaur egun, eta, Erromako epaile baten
epaiaren ondorioz, etxe barruko atxiloketa egoeran dago, egunero bizi baldintza
minimoak ziurtatu ahal izateko zein minbiziagatik behar duen mediku tratamendua
izateko ordu kopuru zehatz batez kalera atera daitekeelarik. Silviak ondo ulertu
zuen hasieratik bere zigorraren zergatia: bere militantzia komunista; horregatik
ez zuen sekula bere errugabetasuna aldarrikatu. Ideologia desberdineko jende
askok bat egin du bere alde, ezkerreko zein eskubikoak. Italiaratzearen borroka
irabazita dago; askatasunaren borroka da irabazi behar den hurrengoa. –

Fuente: Eusko Alkartasuna