Sabin Intxaurragaren arabera,
Ingurumeneko Euskal Estrategia da, zalantzarik gabe, Ingurumen Sailak legealdi
honetan burutuko duen lanik garrantzitsuenetarikoa. Estrategia hau Ingurumenaren
Esparru Programaren osagaia da eta helburua epe ertain eta luzerako xedeak finkatu
eta konpromiso zehatzak aurkeztea da.
2001eko Ingurumenaren Diagnostikoak zekarrenetik
abiatuta, bost xede estrategiko nagusi finkatu ditu Ingurumen Sailak: aire,
ur eta lur zoru garbiak eta osasungarriak izan ditzagun bermatzea; natur baliabideen
eta hondakinen kudeaketa arduratsua; natura eta biodibertsitatea babestea; lurraldearen
oreka eta mugikortasuna; klima-aldaketaren eragina mugatzea.
Xede bakoitzak helburuak eta ildo estrategikoak
ditu, baina ekarpenik garrantzitsuena -batez ere, Espainiako Estrategiarekin
alderatuta- konpromisoetan eta eurok ebaluatzeko adierazleetan datza. Orokorkerietan
galdu barik, 100dik gora konpromiso zehatz planteatzen dira dokumentuan, lehentasuna
duten jarduera-sektoreak honakoak direlarik: lehen sektorea, industria, eraikuntza,
energia, garraioa eta etxeko kontsumoa. Adibide batzuk jartzearren, 2006. urterako,
2001eko datuekin alderatuta, EAEko hiriguneetako bidaiarien garraio guztiarekin
alderatuta, garraio kolektiboa % 10 gehiago erabiltzea; 2012. urterako, EAEko
nekazaritzako guneetako biztanleen kopurua 1999koa bestekoa izatea; 2020. urterako,
zabortegietara eramateko hondakinen kopurua guztizko kopuruaren % 30era murriztea;
…
Sabin Intxaurragaren hitzetan, ‘ez da prozesu
itxia oraindik dokumentuarena. Hobetzeko asmotan aukera eman nahi diegu guztiei,
banakoei zein elkarteei, eta edonork egin ahal izango ditu iradokizunak www.ingurumena.net
helbidean’.

Fuente: Eusko Alkartasuna