Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak urratuta ikustera ohituak gaude. Gai honetan ere, Estaturik ez izateak kalte egiten digu eta lurralde ezberdinetan banatuta egoteak legedi ezberdinen menpe utzi. Gure kulturak eta hizkuntzak garai ilunagoak ezagutu ditu, dudarik ez, baina azken bolada honetan aspaldiko garaietarantz goazela dirudi. Izan ere, egunkariak irakurriz, telebista ikusiz, irratia entzutean edo gure ingurukoekin hitz egiterakoan gurea den hizkuntzarekiko erasoen ugaritzea nabaria da.

Demokrazia, aniztasuna, berdintasuna, duintasuna, errespetua…, hitz horiek hizkuntza politikari buruzko diskurtsoetan barneratuta ditugu baina eguneroko jardueran kontrakoa egiten da sarriegi.

Batzuk, gure herria ezagutzea, gure kulturaz bustitzea, gure hizkuntzan adieraztea delitu bihurtu nahi dute. Beste batzuek, zentralitatearen ikurra astinduz, gure nortasuna lurrazal gainetik ezabatu nahi dute. Ezin dira berdin kritikatu UPNk euskararen eta euskaldunen kontra egiten dituen kanpainiak edo Madrilgo Gobernuaren “españolizatzeko” ahalegina eta beste batzuen utzikeria. Baina euskararen aldeko jarrera argiak ez daudenean ondorio praktiko guztiak berdinak dira: euskarari kalte egiten zaio.

Beti izan da bereziki mingarria Nafarroako Gobernuek euskararekiko izan duten jarrera. Bereziki mingarria linguae navarrorum delako gure euskara, horren beste euskaltzaleen ahaleginak ezerezean geratzeko arriskua dagoelako, Nafarroako hainbat herrietan euskaldun izateak militantzia berezia eskatzen duelako, hainbeste arrazoirengatik…

Eta hain zuzen ere Nafarroako Gobernutik datorkio euskarari azken eraso bortitza. Eta oraingoan gainera aurrerapausoa eman da, ez bakarrik euskarari, euskaldunen kontrako kanpaina egin da. Horren beste borroka egin eta gero, XXI. mendean euskaldunen kriminalizazioa sufritzen ari gara. Polizia ikastetxe euskaldunetara sartu da irakasleak zelatatzeko, zerrenda beltzak egiteko, hezitzeko moduak epaitzeko, hezkuntza eredua aukeratzeko eskubidea urratzeko, adingabeen eskubide guztiak zapalduta gainera.

Azken erasoa izan da, larria gainera, baina azkena soilik. Euskal Herriaren banaketa administratiboak eta subiranotasun faltaren ondorioz norabide guztietatik datoz euskararen kontrako erasoak. Wert ministroaren LOMCE, UPNren D ereduari erasoak, Frantziako Gobernuak SEASKAren aurka hartutako azken erabakiak,… Hiru gobernu ezberdin, tresna ezberdinez baliatuz eta helburu bakar batekin: euskararen desagertzea. Arazo eta eraso gehiegi mendeetan bizirauteko lan eskerga egin behar izan duen hizkuntza txiki eta zaharrarentzat.

Eta ezin da ulertu batzuek horrenbesteraino tematzea euskaldun guztiok kolore, ideologia eta ñabardura guztien gainetik batzen gaituen euskararen kontra. Edo hain juxtu horregatik izango da? Euskaldun guztiak –euskararen lurralde osoan bizi garenok- batzen gaituelako eta ezin sustraia sakonagoak duen elementua delako izango al da? Herri modura elkartzen gaituen hizkuntza bahitu nahi dute. Eta horregatik ez dute lortuko. Gure aurrekoek jasandakoa ezin da errepikatu. Ezin dugu onartu urteetan lortutakoa amildegitik behera desagertzea.

2014. urtean gizarteak zenbat lortu duen azpimarratu behar da -hezkuntza sistema publikoan eredu euskaldunak, euskarazko komunikabideak, helduen alfabetatze sare indartsua,…- batez ere erakunde batzuek zein lan eskasa egin duten ohartuta: gaur egun oraindik euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan.

Horregatik euskararen aldeko militantzia aktiboa beharrezkoa da oraindik ere, lan handia egin behar dugu gureak diren eskubideak errespetatuak izan daitezen, euskara gure oinordekoentzat gordetzeko gure arbasoek egin bezala. Denon esku dago oihurik bortitzena kaleratzea ezetz esateko, hezkuntza sistema propioa eta euskalduna nahi dugula aldarrikatzeko, inposaketarik ez dugula onartuko esateko, eredu euskaldunetan ikastea eta irakastea eskubidea dela argi uzteko. Azken finean, euskaraz bizi nahi dugula leku guzietan ozen esateko.

Pili Robles, Eusko Alkartasunako Euskara idazkaria