Ramirez considera “imprescindible” iniciar un proceso de diálogo entre todos los partidos abertzales “sin ambigüedades” y poniendo sobre la mesa las aportaciones de cada partido a favor de la construcción nacional

Iragan astean, Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Iruñean emandako prentsaurrekoaren ostean hartu zuen BERRIA bere bulegoan Maiorga Ramirez EAko Nafarroako presidente eta Nafarroa Baiko parlamentariak ERRIA Iruñea, 1976). Sanferminen ostean, Iruñea lozorroan egonagatik ere, egunerokotasun politikoa bero dago uda honetan. Alain Berastegiren bahiketa salaketa, ETAren atentatu hilgarriak, Egunkaria auzia epaitzeko erabakia… Gertaera horietatik harago, Ramirezek mundu abertzalean gogoeta bateratu bat egin eta estrategia nazional berri bat definitzeko deia egiten du. 2011 jartzen du erreferente gisa. Uda igaro eta gero, hurrengo urte politikoa beroa izango dela ematen du.

Fiskalak eta defentsa abokatuak Egunkaria auzia behin betiko ixteko eskaera atzera bota eta epaiketa egiteko erabakia hartu berri du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zer azterketa egiten duzu erabaki horri buruz?

Auzitegi Nazionala bultzada politikoak dituen epaitegi bat da. Historikoki agerian geratu bada, Egunkaria-ren kasuan ageriago. Espainiako Estatuan bere jokabide demokratikoari buruzko sinesgarritasuna zalantzan uzten du. Argi dago Estatu espainiarrak bitarteko guztiak erabiltzen dituela bere interesak defenditzeko, eta berdin zaio kazeta bat ixten badu. Mundu garatuko beste herrialde batean eskandalagarria da hori.

Denbora gutxian, ETAk bonba zartarazi du Burgosko Guardia Zibilaren egoitzan eta bi guardia zibil hil ditu Mallorcan…

Lehenik eta behin, Eusko Alkartasunak ez du uste etikoki eta demokratikoki jasangarria denik biolentziaren erabilpena. Hori ikusita, gure gaitzespen sakonena adierazten dugu. Bigarrenik, gogoeta bat egiten dugu. Argi dago ETAren estrategia politiko militarrak porrot egin duela, ez duela inolako etekinik lortu, eta ez duela lortuko ere. Euskal Herriko abertzale orok dakigu sufrimendua, oinazea eta kalteak bakarrik eragin dituela. ETAk bere ondorioak atera beharko ditu.

Duela gutxi Alain Berastegik salatu zuen pertsona batzuek, ustez poliziak, zazpi orduz bahitu zutela. Urtebetean lau bahiketa salatu dituzte Euskal Herrian, eta horri Jon Anzaren desagerpena gaineratu behar zaio.

Biktimen alde gaude beti. Edozein giza eskubideren urraketa salatzen dugu. Amnesty Internationalek bere txostenean argi uzten du. Argi dago estatu espainiarrak eskubide zibilak urratzen dituela. Hor dago Egunkaria-ren itxiera, eragile politikoak legez kanpo uztea, eta abar eta abar.

EAJtik ezkerrera egongo liratekeen eragileekin udazken aldera indarrak metatzeko prozesu berri bati ekiteko nahia agertu du ezker abertzaleak. Nola ikusten duzu abiatu nahi duten egitasmo hori?

Errespetu handia zor diegu edozein eragile politikok egiten dituen ekimenei. Hausnarketa orokor bat eginez gero, argi dago ere abertzaleok orain arte diseinatu ditugun estrategia politikoak ez dituela etekinak lortu. Hor daude Gasteizko legebiltzarrean bideratu diren estatutu berri baterako proposamena eta erabakitzeko eskubidea bultzatzeko ekimena. Horregatik, abertzale orok dakigu estrategia nazional berri bat eraiki behar dugula. Estrategia nazional berri hori, batetik, aniztasun politikoan oinarritua egon behar du.Bigarrenik, ezinbestekoa da alderdi bakoitzak eraikuntza nazionalaren alde zer egiteko prest dagoen zehaztea. Inolako epeltasunik gabe, inongo kalkulu estetikorik gabe, zintzotasunez. Konpromiso batzuek eratu behar dira guztion artean estrategia nazional bat definitzeko. Argi dago indarkeria eraikuntza nazionalerako oztopo nagusi bat dela eta bide politiko eta zibilek emango dizkiotela herri honi eraikuntza nazionalerako erantzunak.

Indarkeria oztopo dela diozu. Zure ustez, oztopo hori gainditzeko giltza ezker abertzaleak du?

Ez, guztiok hitz egin behar dugu, inolako bazterketarik gabe.

Indarkeria hor egon arren, nahitaezkoa da elkarrizketa hastea?

Alderdi politiko guztiok gure konpromisoak agertu behar ditugu. ETA gero eta urrunago dago euskal gizartetik, gero eta gutxiago ulertzen du Euskal Herrian gertatzen dena. Guk ETA ez dugu eragile baten moduan aitortzen. Ezker abertzaleak pausoak eman behar ditu, eta politikoki definitu egin beharko du.

Elkarrizketa horietan parte hartzeko prest ikusten duzu EAJ?

Guk argi daukagu gizarteak barneratuta duela indar metaketa beharrezkoa dela. Alderdi jeltzaleak hegemonia lortzeko tentazioak izan ditzake, baina tentazio horiek zuzenean jotzen dute gizartearen nahiaren kontra. Gure ustez, korronte politiko horretan EAJk egon behar luke. Inongo alderdikeriak ezingo du eragotzi estrategia nazional horren definiziorako prozesua.

Elkarrizketa horiek diskrezioz egin behar dira, ala gizarteak parte hartu dezan ageriko egin behar dira?

Historikoki gauza asko gertatu dira. Diskrezioan, jendaurrean islatu gabeko bilerek kalteak sortu dituzte. Bestalde, orain alderdi guztiek jendaurrean kaleratzen dute estrategia nazional baterako nahia, baina gero pribatuan ez da ezer gauzatzen. Hori gainditzeko, EAk proposatzen du, eta deialdi publikoa egiten die alderdi abertzaleei lan publiko eta pribatu bat jorratzeko ordua dela. Horretarako, formulak definitu behar dira. Guri otu zaigu konferentzia nazional bat egitea, non eragile politiko guztiek adosten dugun zer estrategia behar duen herri honek nazionalismo espainiarrari aurre egiteko. Prest gaude prozedura hori beste eragileekin eztabaidatzeko.

Nola aurre egin presio mediatikoari?

Batasunarekin. Askotan, abertzaletasun espainiarra baliatu da abertzaletasunaren atomizazioaz. Adiera makiabeliko batek dio etsaiak denok nahi ditugula banatuta.

Ez al da ironikoa adierazpen hori egitea zatiketa batetik etorri berri den alderdi batek?

Baliteke, baina estrategia nazional komun batek aniztasunean oinarrituta egon behar du. Ezin dena da esan, Urkulluk iradoki duen moduan, indar metaketa EAJren inguruan indarrak biltzean datzala. Proiektu politiko bakoitzak du bere zergatia, bere eredu soziala, bere bizitasun nazionala aldarrikapenetan, elkarlana zehazteko orduan eta estrategia komunak zehazteko orduan.

Aralarrekin sintonia handiena duzue?

Aralarrekin elkarlanean gaude Nafarroan, baita EAJrekin eta Batzarrerekin ere. Oraingoz ez da posible ezker abertzalearekin elkarlana gauzatzea denok dakigunagatik. Askotan iruditzen zait batez ere maila nazionalean, Aralar gehiago kezkatzen duela bere nortasuna definitzeak, beste gauzek baino. Baina Aralarri errespetu osoa diogu.

Erreferentzia funtsezkoa da 2011, ala hobe datarik ez jartzea?

Datak jarri behar dira, bestela amaigabeko prozesuetan jendeak ez du sinesten. Hautestontzietan ikusi dugu abertzaletasuna krisi batean egon daitekeela eta azken hauteskundeetan 200.000 boz abertzalek ezin izan dutela parte hartu. Larrialdi nazional baten aurrean gaude, eta epeak jarri behar ditugu.

Batasunaren legez kanporatzeari buruz, Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren irmotasunak zer irakaspen utzi dizkio eremu abertzaleari?

Ez gaude ados epaiarekin, eta erakunde europarrak Bushen nazioarteko politika ereduarekin oso kutsatuta daudela adierazten du. Politikoki, Euskal Herriari begira, indar metaketari indar ematen diona da. Argi uzten du estrategiak aldatu behar ditugula.

Bide horretan, EA zeri amore emateko prest dago?

Alderdi sozialdemokrata eta independentista gara, eta hainbat urtez EAJrekin koalizioak eratu ditugu eta gobernu programak aurrera atera. Koalizioetan gure nortasunaren parte bat alboan utzi dugu, Nafarroa Bain ere gure ideologiaren zati bat itzalean geratzen da. Horretarako prest egon beharko genuke.

Sanferminak amaitu eta berehala Sanzek proposamen bat egin du Foru Hobekuntza berritzeko. Zer uste duzu horren atzean dagoela?

Lehenik eta behin, krisi ekonomikoaren ardurak lausotzea. Kezko hesi baten modura erabili izan du beti Sanzek autogobernuaren auzia. Salaketa politiko sakona egin behar dugu, Nafarroa delako azken urteetan transferentzia gutxien jaso duen erkidegoa. Beti esan dugu gure Foru Hobekuntzak ahulezia asko dituela eta erreforma sakon bat behar duela ekonomian, zerga alorrean, baita erabakitzeko eskubidean ere.

Foru Hobekuntzaren berrikuntza proposatzeak esan nahi du ezinezko ikusten duzuela egungo esparru juridiko-politikoa aldatzea? Bide pragmatikoagoak hobetsi dituzue?

Ez. Biztanleriak hala nahi badu, Foru Hobekuntzari gaitasuna eman ahal zaio gure errealitate juridiko-politikoa errotik aldatzeko. Gaurko Foru Hobekuntza, beharrezko aldaketekin, elementu bat izan daiteke egitura politikoa errotik aldatzeko.

Negoziaziorako joko eremua ondo marraztu du Sanzek: Espainiako Gobernuarekin hitzartuko du aldaketa, eta gero Parlamentuak zein Kongresuak berretsi egingo dute, herri galdeketarik egiteko aukerarik gabe.

Azkenean, Sanzek foraltasuna erabiltzen du esparru demokratikoa murrizteko. Iragan mende hasierako diputazioaren eredua nahi du. Diputazioak Estatuarekin eztabaidatzen zuen. Orain parlamentu bat dago, eta eztabaidak Parlamentua izan behar du oinarri. Gero, estatutu guztietan gertatu den bezala, herritarrek beren iritzia eman behar lukete.

Foru Hobekuntza blindatu dezaketen susmoa duzue?

Ez dakigu. Argi dago Foru Hobekuntza eraiki zela Nafarroaren eskubide historikoak murrizteko, eta horregatik abertzaletasuna baztertu zen negoziaketan, eta ez zen bozkatu. Orain Sanzek bide beretik jarraitu nahi du.

 

«Orain inork ez du zalantzarik izango zer proiektu politikori ematen dion botoa»

Joxerra Senar.

Iruñea

 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondotik Eusko Alkartasunak izan duen barne krisia esperientzia «gogorra» izan dela onartu du Maiorga Ramirezek. Hala ere, haren ustez, ekainaren 20an eta 21ean, Gasteizen egin zuen Kongresutik indarberrituta atera dela deritzo..

Martxotik prozesu zail bat pasatu du alderdiak. Ekaineko kongresutik nola atera da EA?

Oso aste eta hilabete gogorrak izan ditugu, baina Kongresua izan da argi indartsu baten agerpena. Zehaztu ditugu gure proposamen politikoak, bat eginda gaude. Eztabaida sakonak egon dira eta orain argi dugu, aurreko egoerarekin alderatuta, etorkizuneko bide horretarako prestatuagoak eta indartuagoak gaudela.

Zatiketak barne zauriak utziko zituen, baina panorama argitzea ona izan al da?

Azkenean, alderdi bakoitzak bere proposamenak eta jokabidea argitu behar ditu, eta alde batera utzi behar du erakundeetan egoteak ematen dituen erosotasunak. EAk politikarekin eta konpromiso abertzalearekin apustu bat egin du, eta apustu horrek erosotasun galera batzuk ekar ditzake. Gu ez gaude politikan postuetan egoteko soilik, baizik eta abertzaleak diren herritarrak ordezkatzeko. Orain, inork ez du zalantzarik izango EA bozkatzen duenean zer proiektu politikori ematen dion botoa.

Bi urte dituzue aurrean. Non egon nahi luke EAk 2011n?

Euskal Herrian pentsatzen dugu beti, eta 2011rako nahiko genuke, eta horretarako lan egingo dugu, estrategia nazional bat definitzeko. Zein osaera izan behar duen? Eredu guztietarako gaude prest eta denok egon behar dugu prest, estrategia horren definizioan zintzoki sinesten badugu.

Aralarrek duela hilabete, EAren Kongresuaren atarian deialdi batean NaBaiko alderdiei autokritika egiteko eskatu zuen, eta bi urteotan sortu diren erosotasunak eta barne arazoak konpontzera dei egin zuen. Bat al zatoz irakurketa horrekin?

NaBai sendotua dago, eta alderdi bakoitzak estilo desberdinak ditugu. Aralarrek askotan barne lana egin baino erabaki duena izan da barnean esaten ez diren kontuak kaleratzea. Ez da gure estiloa. Hala ere, Aralarrekin bat egiten dugu 2011ko hauteskundeak ondo prestatu beharko direla. Hautagai erakargarrienak lortu behar ditugu, herritarrek aldaketaren nahia NaBairekin lotu dezaten. Horretarako, barne lana egin behar dugu ahalik eta gehien zabaltzeko eta gizarteratzeko. Horrekin ados gaude. Ez dugu bat egiten hainbat jenderi ilusioa kendu ahal dien horrelako adierazpenekin. Izan ere, Aralarrek NaBairekin zalantzak dituela ager dezakete adierazpen horiek.

PP sartu da Nafarroako agertoki politikoan. Uda honetan elkar kritikatzen ari dira. UPNk PPrekin izan ditzakeen desadostasunak itxurakeriatzat jotzen dituzu?

Boterearen inguruko desadostasunak dira. Argi dago PPren eta UPNren artean ez dagoela desadostasun ideologikorik. Haien eztabaida beti da boterearen ingurukoa eta alderdikerien ingurukoa. Azkenean nahiz eta bereizita egon, ideologia bera daukate. Politikoki beharbada, abertzaletasunaren parte-hartze instituzionala jokoan badago, ez dut inongo zalantzarik indarrak batuko dituztela. PSN eta UPN batu diren modu berean.

Beraz, 2011n, UPNk PPren botoak eta parlamentariak beharko balitu, izango ditu.

Ez dut inolako zalantzarik.

Hala ere, PPk PSNrekin desadostasun agerikoak ditu. Beste joko politiko bat egiteko aukera ematen dizue?

PP eta UPN ideologikoki berdinak direnez, banaketak ez du ekarriko eskuinarentzat boto gehiago. Atomizazioa ekarriko du. UPNk eta PPk elkarrekin ez dute inoiz gehiengoa izango, UPNk bere kabuz inoiz izango ez duen moduan. Ez dute boto gehiago erakarriko. Bozak banatu egingo dira. Banaketa ona izan liteke. Batuta goazenok etekina ateratzeko aukerak ditugu.

Egia da legealdi honetan orain arte izan diren bi hauteskundeek testuinguru berezia izan dutela. Batzuk Kongresurako bozak izan dira, eta besteak Europakoak. Dena den, Sanzen inbestidura izan eta gero boto-emaileek ez dute PSN zigortu. Zalantzak sortzen dizkizue horrek?

Hauteskunde desberdinak dira. Aurreko bozetan alderdi bitasuna egon da, eta jendea Zapatero eta Raxoiren artean aukeratzera behartuta egon da. Horregatik bideratzen da boto anitz alderdi sozialistara. Europakoetan partaidetza oso txikia izan da, eta, horregatik, ez dira eredugarriak foru hauteskundeei begira.

Nafarroa Bain barneratuta dago PSNrekin ez dagoela ezer egiterik, ala 2007ko esperientzia txarraren ostean oraindik ikusten duzue egon daitekeela aukeraren bat?

Argi dago horrelako alderdi sozialista batekin ez dagoela ezer egiterik. Gu horretan ari gara. Lanean ari gara, eta EA indar berezia jartzen ari da, hurrengo hauteskundeetan NaBaik proposatuko duen eskaintza ahalik eta interesgarriena izateko eta aldaketaren aldeko borondate gehien biltzeko.

Koalizioa barruan denak hori argi dutela deritzozu ala bada aukera hori elikatu litekeela uste duenik?

Guk argi daukagu.

Fuente: Berria