Baionako epaile batek haur bat ikastolatik atera eta eskola “frantses” batean sartzeko agindua eman du, ikastolek umeak ‘dekulturatu’ eta ‘akulturatu’ egiten omen dutelako. Gezurra dirudien arren, epaileak berak esana da. Zur eta lur utzi gaituen albiste hau ez da, zoritxarrez, salbuespena Ipar Euskal Herrian; hango ikastolek eta euskaltzaleek ederki dakite zer den euren hizkuntz eskubideak urraturik ikustea.

Eusko Alkartasunak, beraz, epaile honen bidegabekeria bere indar guztiekin gaitzetsi eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen du berriro ere, neurri hau ezinbestekoa baita gure hizkuntzaren aurkako eraso hauek behingoz desagertu eta euskaldunok ditugun eskubideak benetan babestu ahal izateko.

Gurasoek seme-alabentzako eskola sistema aukeratzeko eskubide osoa dute; epaile honek, ordea, oinarrizkoa den eskubide hori ukatu eta euskal kulturari dion mesprezua agerian utzi du, jakobinoen zentralismoak kutsatuta edo. Hauxe da, azken batean, epaiaren oinarrian dagoena: frantziar kultura da errespetua merezi duen bakarra eta euskara eta euskal kultura bigarren edo hirugarren mailakoak dira. Horregatik ikastolen mugimendua zikintzen saiatzen dira behin eta berriro, gure kultura desagertarazi eta frantziar kulturaren barruan ito nahi dutelako. Erasoak eraso, argi eta ozen esaten diegu: ez dute lortuko.

Erabakiak epailearen ezjakintasun larria ere adierazten du gainera, berak jakin beharko lukeelako ikastolek Parisko Hezkuntza Ministerioaren baldintzak bete eta ebaluaketak gainditzen dituztelako. Hau da, bere epaia berak hainbeste maite omen duen “hezkuntza sistema nazionala”-ren aurka doa.

Fuente: Eusko Alkartasuna