Martin Aranburu. Parlamentaria
Jakina zen PPk hezkuntza berrantolatzea zuela helburu. Bi etapatan egitea erabaki
zuen: lehendabizi, maila unibertsitarioa LOUren bidez; eta, jarraian, unibertsitate
azpiko mailak, Kalitate Legearen bidez. Onartzear dagoen lege proiektua ontzat
jo eta gero, helburua lortua izango du; hau da, hezkuntza neoliberalismoaren
beharretara moldatzea, hots, merkatuaren konpetibitatearen motorra den jarduera
ekonomiko-teknikorako balio izango duen gazteria sortzea. Legean aipatzen denez,
ikasleek betebeharrak dituzte. Horien artean lehendabizikoa honakoa da, hitzez
hitz: «todos los alumnos tienen el derecho y el deber de conocer la Constitución
española, con el fin de formarse en los valores y principios democráticos
reconocidos en ésta». Lazgarria baldin bada hezkuntzaren helburuetako
bat gazteak monarkian, militarismoan, erreferendumen ukazioan, lurraldeen arteko
elkarkidetzan eta federazioaren ukazioan hezi beharra izatea, are eta lazgarriagoa
da hezkuntza antolatzeko PPk asumitu duen egitura.
Beharrezko hezkuntzari
dagokionez, bi etapak mantentzen dira: Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntza. Lehenengo etaparen amaieran umeei proba bat egingo zaie aurrez markatutako
helburuak bete ote dituzten aztertzeko, eta, DBH amaitzean helburuak lortzen
dituztenei titulua emango zaie, non DBH etaparen batez besteko nota ezarriko
den. Eredu berdina jarraituz, Batxilergo bukaeran ere proba bakarra egingo da;
ikasleak Batxilergoan zehar lorturiko noten eta proba horretan lorturiko notaren
arteko batez bestekoa izango du.
Ez dago esan beharrik
egun bateko proba horretan ez direla aztertuko ikaslearen hainbat gaitasun:
kritikarakoa, ulermenerakoa, lan talderakoa… Hau guztia hezkuntza eredu baten
aldeko apustuaren erakusgarri da; hain zuzen, ezagutza kognitiboen akumulazioan
oinarritzen den eredua. Azken finean, merkatuak ez baititu pertsona formatuak
behar, ekonomiaren sustapenerako baliagarriak diren ezagutzak pilatzen dituzten
pertsonak baizik. Hezkuntzaren funtzioak ez du teknikariak formatzea izan behar,
pertsonen formazioa ezin baitugu gure gaur egungo merkatuko enpresek dituzten
eskarietara soilik egokitu.
Ingurunea interpretatu,
ulertu eta hobetu ahal izateko beharrezkoak dituen jakintzak ematean datza benetako
hezkuntza. Zein da helburua? Errege godoen zerrenda buruz errepikatzeko gai
den persona edota historiaren ezagutza gaur egungo mundua ulertzeko erabiltzen
duena? PPrentzat erantzuna erraza da: zentzu krititikoa alde batera utziko duten
pertsona konformistak sortzea. Pentsatu, kritikatu, aldarrikatu ez dira eskuinaren
eta PPren sinonimo. Argi dago.

Fuente: Eusko Alkartasuna