Begoña Lasagabaster Olazabal
Eusko Alkartasunaren iritziz, lehenengoz zera azaldu behar dugu, gure ustez
Europako Batasuna kontinente honen hasieratik sortu den egitasmo onena izanik,
bere egituraketan batasun honek akats ugari dituela. Gaur egun, Europako Batasu-
na eta Europako Elkarteak guztiz ezezagunak dira oraindik hiritarrentzat, bai
bere urruntasunagatik eta baita bere oinarrizko testu eta erakundeen sareak
sortzen duten nahasketak direla ere.
Bestalde, batasun honek, sarritan arrazoiz salatu
izan den bezala, demokrazia gabezia du. Estatuen Europa honetan, Europako Parlamentuak
bigarren mailako funtzioa du oraindik, nahiz eta itun ezberdin bakoitzean bere
eskuduntza eta funtzioak zabaldu diren. Parlamentuak ez du lege ekimenik, estatu
kideentzat behar-beharrezkoak diren gaietan kontsultarako erabiltzen da soilik,
eta koerabakitzaile ahalmena duen gaietan, berriz, beste erakunde batekin batera
hartu behar izaten ditu erabakiak, Kontseiluarekin, hain zuzen ere.
Eusko Alkartasunaren iritziz, edozein demokraziatan,
izen horren merezidun bada, behintzat, Parlamentua hiritarren borondatearen
adierazpen nagusia da, eta, beraz, ezin gara ados egon Europako Parlamentuaren
bigarren mailako funtzio horrekin.
Kontseilua, bestalde, berezi izan daitezkeen
hainbat gaitan, jo dezagun gizarte edo zergekin zerikusia dituztenak, aho batez
erabakitzeko beharra izaten jarraitzen du, eta horrek Batasunaren funtzionamendu
onari oztopo egiten dio. Europako itunen erreforma berak ere aho bateko adostasuna
behar du.
Baina Europako eraikuntza aurrera ez badoa, gobernu
askoren jakobinismo sutsuarengatik besterik ez da. Eraikuntza horretan aurrera
joatea ezinbestekoa dela garbi izan arren, eta «europartasuna» estatu
gehienetan ongi ikusia dagoela jakinik, negoziatzeko orduan, berriz, bere subiranotasunaren
kuota besteei emateko orduan, ez dira oso alde azaltzen.
Egoera horretan, bitxia iruditzen zaigu estatu
diren herrialdeek estatu gabeko abertzaleak geurekoiak izatea leporatzen digutela,
edota unibertsalak ez garela, are gehiago gaur egungo Europako Batasuna Estatuen
Batasuna besterik ez denean, eta bertan Euskal Herria bezalako nazioak edota
hainbat erregio ahots eta botorik gabe daudenean. Egoera hau, gainera, are zentzugabeago
eta bidegabekoago bihurtuko da hurrengo zabalketarekin.
Malta, 350 mila biztanle izanik, independentzia
gozatzeko aukera historikoa izan duen estatu bat dugu. Europako Estatu kide
izatera iritsiko da, hasiera-hasieratik. Europako Kontseiluan eta Kontseiluan
ahotsa eta botoa izango du, gutxienez 5 eurodiputatu, eta Europako Batzordean,
berriz, ordezkari bat (aldakorra bada ere). Euskal Herriak, aldiz, 3 milioi
biztanlerekin eta bi estatutan banatua izanik, ez du Kontseilutan ahotsik ezta
komisariorik ere, eta Espainiako Estatuari ezarritako diputatuen kopuru gutxitzearen
ondorioz, hau da, 64tik 50era, 4 edo 5 eurodiputatu besterik ez ditu izango.

Egoera honetan, eraikuntzaren erreforma bat emateko
ordua iritsi dela ikusi dugu, besteak beste demokrazia gabezia jorratuko duena,
itunen sinplifikazioa, nazioen legebiltzarren rola —estatuak izan edo ez—,
Europako eraikuntzan eta izakera binkulantea izango duen Oinarrizko Eskubideen
Ituna jaso dezala. Dagoeneko, datozen urteetarako eta Nizako Gobernu Arteko
Konferentzia (GAK) kritikagarria ikusirik hauetariko gai batzuk proposatzen
hasiak dira. Honela, Nizako Itunaren 23. deklarazioan, datozen lau urteetan
—hau da, 2004ko GAK arte—, egin beharreko lana aipatu zuten.
Gai hauei buruz hitz egiteko asko izango dugu:
nola izan daitezkeen eta izan beharko duten aztertu eta onar- tu; lehen mailako
protagonista gisa, es-taturik gabeko nazioak legegileen parte-hartzea dagokien
mailan izatea eta ez betearazleen lanen menpekoa, eta nola nahi dugun logikoki
hasiera-hasieratik zabaltze prozesuan hautagaiak izango diren herriak sartzea.

Helburu horietako asko Laekenen ospatuko den
Kontseiluan erabaki beharko dira. Haien artean azpimarratu beharrekoak ditugu
Europako etorkizunari buruzko erreforma egiteko prozeduraren erabakiak, gaien
eguneko zerrenda, eta gobernuak ez diren beste hainbat protagonistaren lana
jasoko dituen sortu beharreko Konbentzioa, eta baita gizarte zibilak hausnarketa
hauetan parte hartzeko beharrezkoa duen Foro Zibila ere.
Baina oraindik ere Europako Batasunean oinarrizko
erabakiren bat zintzilik dago. Besteak beste, gogora dezagun Euskadi bezalako
nazioak Konbentzioko lanetan aritzeaz gain onartuta dauzkan bere eskuduntzak
defendatzeko Europako Batasuneko Ministro Kontseilutan parte hartzeko aukera
ere, beste delegazioen maila berdinean, arrantzarekin, nekazaritzarekin zerikusia
duten interesetan edo baita Kontzertu eta Nafarroako Hitzarmen ekonomikoa defendatzerakoan
ere.
Baina eztabaida honek eta epe gutxira datozen
lanak ez dizkigute ahatzarazten zein den Eusko Alkartasunaren jarrera Europako
Batasunaren etorkizunari buruz, eta lau puntuotan laburbildu daitezkeenak:
1. Autodeterminazioaren eskubi- dearen onarpena.
Europako Parlamentuak Txetxenia eta Sahararekiko onartu zuen eskubide hau Europako
Batasuneko zuzenbideak idatziz jaso beharko luke.
2. Europako Batasunean estatuen zeregina murriztu
beharko litzateke. Europako Batasunak behar duen demokratizazioak aho batezko
erabakiak ez hartzeaz gain, Europako erakundeen sare horretan gogoz parte hartu
nahi duten estaturik gabeko herrialdeen aukerari bide ematea esan nahi du. Azken
finean, bakoitzaren interesei eragiten dien Europako Batasunean guztiek erabakiak
hartzeko prozeduran bere ordezkaritza izan dezaten.
3. Kontseiluak Senatu antzeko bigarren ganbera
bihurtu beharko luke, bertan estatuak edo behar adinako eskuduntzan estatu azpiko
erakundeak botere legegilea osatu beharko lukete Europako Parlamentuarekin batera.

4. Europako Kontseiluak benetako betearazle bihurtu
beharko luke, Europako ardatz nagusiak ezarriko lituzkeenak, hain zuzen ere.

Eusko Alkartasunaren ustez, azken finean, Europako
Batasunaren erakundeen geldialdiaren benetako errudun diren estatuek beren protagonismoa
galduko duten Europako eraikuntza batera jo behar dugu. Hots, Herrien Europa
eraikitzearen aldeko apustu irmoa egitea, alegia.

Fuente: Eusko Alkartasuna