Garapen ereduan aldaketak egin beharko direla uste du Esther Larrañagak. (EA) Errepide sarea osatuta dagoela uste du, eta Pasaiako kanpo portua ez du gustuko; AHTri, aldiz, estrategikoa deritzo.

Prest duzue II. Ingurumen Esparru Programa. Zein dira helburu nagusiak?

Gure politikaren bide orria markatuko du programa esparruak 2007tik 2010era. 2007tik 2010era lau lehentasun jarri ditugu: klima aldaketari aurre egitea, bioaniztasuna indartzea eta babestea, herriguneetako ingurumen kalitatea hobetzea eta kontsumo eta ekoizpen iraunkorragoak izatea.

ELAk bete ezin diren helburuak jartzea leporatu dizue.

Garatzen ari gara klima aldaketaren aurkako plana, eta hor helburuak planteatzen dira, eta neurri zehatzak ezartzen. Helburuak ez dira bete ezin direnak, berez. Batzuk zailagoak izan daitezke beste batzuk baino, baina Ingurumen Esparru Programa erakunde eta Sailen arteko bide orria da, denon artean egina. Gure betebeharra da lan egitea helburuak lortzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren berotegi efektuko gasen isurketak %45 handiagoak dira egun Kyotok aintzat hartzen duen 1990eko urtean baino. Zer plangintza duzue horri aurre egiteko?

Kyotok ezartzen duen %15eko helburua ez da EAErentzat, baizik eta estatuarentzat. Kontuan izanda administrazio arduratsua garela, plan horretan 119 neurri hartu ditugu. Neurri horiekin lortuko dugu 2012. urterako %14 izatea. Dena den, gure isurketak, gaur egun, %23 gehiago dira.

Uste dut Kyotok argi hitz egiten duela isuri zuzenez, eta zuk azaldutako kopuruak zeharkakoak aipatzen ditu.

Baina sistema horren arabera, esaterako, Luxenburgok ez luke isuririk, ez duelako ekoizpen energetikorik. Orduan, guk egin duguna da neurtu kontsumoaren arabera. Uste dut oso irizpide bidezkoa dela.

Guk lehen kontsumitzen genuen energiaren %30 sortzen genuen, eta orain %70. Beraz, %40 horiek ez dira ekoizten beste nonbait.

Energiaren alorrean erregai fosilekin dugun menpekotasuna gainditzeko zer egiteko asmoa duzue?

Orain arte hiru gauza egin dira energiaren alorrean, eta horiek ildo berri bat marrazten dute: batetik, aurrezpena bultzatzea; bigarrenik, eraginkortasuna sustatzea, kontsumoaren ikuspegitik; eta, hirugarrenik, gas naturalaren aldeko apustua egitea. Estrategiari bere osotasunean begiratu behar zaio, eta Energia Estrategia hortik bideratu dugu. Uste dut bide ona dela hori, baina energia berriztagarrien aldeko apustua sakonagoa izan behar da hemendik aurrera.

Energia proiektu berriek -Bilboko portuko eta Lantarongo zentral termikoak, Pasaiako kanpoko portuko balizko ziklo konbinatukoa- ez dute lagunduko CO2ren isuriak murrizten. Ez al gaude aseta energiaren ekoizpenean?

Orain arte ezarri den helburua -alegia, energiaren ekoizpen autonomoa izatea- lortu da. Uste dut hemendik aurrera energia berriztagarriez hitz egin behar dela. Jaurlaritzaren 2010erako energia estrategiak Lantarongo planta baino ez du aurreikusten. Europak ezartzen dituen xedeak bete behar ditugu, eta energia berriztagarrietan zeregin handia dugu.

Energiaren berriztagarrien alorrean eolikoa baino ez da bultzatu orain arte. Ez al da harrigarria eguzki energia batere baliatu ez izana?

Zenbait udalek pausoak eman dituzte energia hori bultzatzeko; adibidez, hainbat etxebizitzatan energia termosolarra ezarrita. Bestetik, badira hainbat proiektu -batik bat, Araban- eguzki energia bultzatzeko. Hala ere, kontuan eduki behar da eguzki energiak silizioa duela, eta ikertu behar da osagai hori nola murriztu. Madrili dagokio energia berriztagarrien prezioak ezartzea, eta egiten ari den lana ez zaigu egokia iruditzen. Izan ere, galgatu egiten ditu ekoizpena eta ikerketa. Energia berriztagarrietan ikertzea eta bide berriak aurkitzea oso garrantzitsua da.

Garraioaren alorrean auto pribatuaren erabilera mugatzeko helburua aipatu duzue. Edonola, errepide berriak alde guztietan jarraitzen dugu egiten, etxeguneak hiri kanpoaldean, merkatari zentroak… Hori ez al doa kontrako norabidetik? Ez al gaude aseta errepideekin?

Hasi behar dugu esaten denok erabiltzen dugula autoa, nahiz eta garraio publikoaren aukera izan… Hala ere, uste dut errepideak muga bat duela; alegia, egin eta berehala bete egiten dira, eta hala agortu egiten da aukera hori. Herri honetan 25 urteotan egin diren hainbat errepide beharrezkoak dira. Baina sarea ondo osatua dago, eta errepide gehiago, oraingoz, ez da behar. Orain beste bide batzuk jorratu behar dira, eta horietako bat, noski, trenbidearena.

Pertsonen garraioa ez ezik, salgaien garraioa ere arazo handia da. Zer aukera dago salgaiak errepideetatik ateratzeko?

Bi tresna erabiltzen ari dira: itsasoko autobiak eta trenbidea. Horiek dira alternatibak.

Autoei kutsadura zerga jartzea planteatzen ari zarete. Horrek ez al du harrera txarrik izango herritarren artean?

Beno, esaterako, Londresera sartzeko bide saria jarri zutenean, kritika asko jaso zituen. Gero, alkateak boto gehiago jaso zituen. Neurri bat baino gehiago hartu behar dira alor horretan. Udalak, esaterako, zergak jartzen has daitezke, kutsaduragatik, matrikulazio zergaren barruan. Adibidez, automozio zerga kutsaduraren arabera izango da. Horiek denak gero eta gehiago jarriko dira martxan.

AHTren lanak hasi dira, baina protestak ez dira eteten. Lurraldean kalteak eragingo ditu. Ez al zaitu kezkatzen?

Ingurumen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren iritziz, abiadura handiko trena azpiegitura estrategikoa da herri honentzat. Egia da lurraldean eragina izango duela, baina izango ditu ingurumen etekinak ere; esaterako, garraio eta mugikortasun sistemak aldatuko dituela. Salgaiak eta pertsonak aterako ditu errepidetik, eta hori ere kontuan hartzekoa da balantze orokor bat ateratzeko. Gainera, gure herria kohesionatzen du.

Baina uste al duzu herritarrek benetan eskatzen dutela halako azpiegitura erraldoi eta garesti bat egiteko?

Gutxienez Eusko Legebiltzarreko gehiengoak eskatzen du eta bultzatzen du. Guk, alderdi gisa, aspalditik eskatzen dugu, ikuspegi honetatik: azpiegitura estrategikoa delako eta herri bat jartzen duelako Europan.

Lurraren artifizializazioa murriztea ere jartzen duzue helburu gisa. Egiten ari diren politikak, garraioan, etxebizitzan… horren aurka ez al doaz?

Bi gauza daude hor: Lurraldea Antolatzeko Zuzentarauak onartu zirenetik hamar urte pasatu dira. Beraz, orain da garaia gai hau berraztertzeko. Lehen hiriak egiten ziren erak ez du balio dagoeneko, eta uste dut datorren hamarkadan ideia berriak behar direla lurraldea antolatzeko orduan. Gai horrekin hasiko gara 2008an. Nagusi dugun garapenaren kontzeptuak lur gehiegi okupatzen du, eta hori pixkanaka aldatzen hasi behar da.

Baina, adibidez, Donostiako Udalaren plan nagusian 18.200 etxebizitza egitea onartu du. Eta banaka hasiz gero, udal guztiek dituzte antzeko asmoak.

Izan ere, hor kontuan izan behar dugu etxebizitza duina izatea eskubidea dela. Beraz, hori eskaini behar diogu gizarteari, eta etxebizitzak eraiki egin behar dira. Hala, oreka bilatu beharko da.

Pasaiako zentral termikoa noiz itxiko da?

Galdetu Madrilen. Gure apustua ziklo konbinatuko planten aldekoa da. Denok dakigu ikatz zentral horrek CO2 asko isurtzen duela, eta uste dugu isurketak murrizteko zentral honekin zerbait egin behar dugula. Beraiei dagokie.

Zuen esku balego, bihar bertan itxiko zenukete?

Ikusi beharko litzateke. Balego hori oso zaila da. Nire esku balego, bai, itxiera planifikatua, baina, noski, itxiko nuke.

Pasaiarekin jarraiki, kanpoko portuari zer iritzi diozue?

Azpiegiturez hitz egiten denean, gauza bat esan nahi dut: bi milioi biztanleko herri bat gara, eta azpiegitura guztiak herriaren ikuspegitik egin beharko lirateke, eta ez bakoitzak berea. Sarritan gogoeta hori ez dugu egiten. Hori esanda, ziur naiz Pasaiaren lehentasuna badiaren biziberritzea izango dela. Besteari buruz, nire eginkizuna izango da beti ingurumen eraginak aztertu eta lehenbiziko mailan jartzea. Zeren eta sarritan ahazten ditugu. Bada garaia jakiteko zer eragin izango duen portu horrek, zeren eta Jaizkibel balio handiko gunea da, eta Europak ere onartu du hala dela.

Bilborekin nahikoa da, beraz?

Ez, ez… Pasaia hor dago, eta hor egongo da. Portuak garrantzi handia du. Bi portu daude, eta bakoitzak bere funtzioa bete dezake. Ez dakit zenbateraino behar diren bi oso handi.

Airearen kalitatea eta kutsadura ere arazoa da hainbat lekutan. Autoei kutsadura kanona ezarriko bazaie, zergatik ez enpresei ere?

Hobea da lege mugak ezartzea, eta legea zorrotz jarraitzea. Zeren batzuetan erraza da ordaintzea. Agian, zerga gehiago jarri baino, zergek beraiek ingurumen ikuspegi hori izan beharko lukete. Ingurumenak orain arte ez du tresna ekonomikoa erabili. Agian, kontua ez da zergak jartzea, baizik eta direnei beste izaera bat ematea.

Kritikatu izan diote Jaurlaritzari talde ekologistek Ingurumen Sailak asmo onak izan arren benetako praktika politikoa beste sail batzuek egiten dutela: Herri Lan eta Garraio Sailak eta Industria Sailak, esaterako. Zer diozu?

Uste dut ingurumenak, edo garapen iraunkorrak, zeharkakotasuna behar duela. Uste dut horretan urrats handiak egin direla. Lehen ingurumena ez zen kontuan hartzen. Orain energia berriez hitz egiten denean, klima aldaketa buruan dute; natur baliabideekin ere berdin… Beraz, uste dut pausoa eman dela. Hortik aurrera, uste dut gure herriak duen kontsumo eta garapen ereduari ezin diogula gehiago eutsi.

Baina gure ekonomiaren oinarrian beti dago gehiago ekoitzi eta saltzea; haztea, alegia.

Nik politikan sinesten dut. Egia da dugun eredu ekonomiko eta soziala gehiegizkoa dela. Baina zenbait politikatan txertatu da ingurumena zaindu beharra, eta pauso garrantzitsuak eman ditugu.

Errauste planten aldeko apustua egitea leporatu diote ELAk eta LABek Jaurlaritzari.

Udalek dute ardura zaborrak kudeatzeko. Bakoitzak erabaki behar du zer egin zaborrekin. Aldundiek ere plangintzak egin dituzte, eta bakoitzak bere berezitasunekin planak jarri dituzte martxan. Apustu bat baino gehiago dago: zaborraren azken zatirako Bizkaiak balioztatze plantaren alde egin du, eta Arabak zabortegiaren alde. Badirudi Gipuzkoako arduradunek apustu bat egingo dutela. Nik errespetatu egiten dut.

Baina ingurumenaren aldetik ez al dira hobeak beste aukerak?

Onena ez sortzea, edo %80 birziklatzea. Hortik aurrera, erantzunak askotarikoak dira.

IBARRETXEREN AUZIA ETA EAREN KONGRESUA

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren aurkako auziarekin, gobernua osatzen duten kide guztiak «kezkatuta eta suminduta» daudela dio Esther Larrañagak. «Ukaezina da epaiketa hau politikoa dela. Uste dut hartu duten bidea oso kezkagarria dela demokraziarentzat. Gobernu honek, eta EAk, beti aldarrikatu du elkarrizketa politikoa, eta aldarrikatzen jarraituko du, zeren elkarrizketa ez da delitua». Larrañagaren iritziz, «nahikoa» da: «Hitzaren bidez gainditu behar ditugu herri honen arazoak, eta ez epaileak eta justizia erabiliz ondorio politikoak izateko».

EAren kongresuari buruz, benetan garrantzitsua txosten politikoa iruditzen zaio, eta ez hainbeste zein izango diren EAren zuzendaritza kargu berriak. «Pertsonak zein izango diren kongresua bukatutakoan jakingo dugu».
Fuente: Esther Larrañaga