Martin Aranburu. Parlamentario. Datozen urteetan, edozein gizartetako hezkuntzak
gutxiengoen integrazioa izango du erronka nagusienetarikoa. Herrialde bakoitzean
administrazioek beren hezkuntza sistemak antolatzeko darabilzkiten hainbat eredu
alde batera utziz, denek aurreikusi beharko dituzte ekidingaitzak diren arazoen
soluziobideak: etorkinen kulturaren errespetua, herrialde hartzailearen kulturan
integrazioa, «ghetto»en formazioaren aurkako borroka, eta euskaldunak
izanik, zer esanik ez, zenbait herrialde hartzailek dugun hizkuntza gutxituen
mantenua.
Erronka handiak izanik ere, arazo horien isla
geroz eta nabarmenagoa da egunez egun, esaterako, azkenaldian Espainiako Estatuan
gutxiengo erlijioso mu- sulmanek islama irakaskuntza publikoan txertatua izan
dadin eginiko aldarrikapena. Zein dira, ordea, Europako beste estatu batzuek
arazo honi aurre egiteko harturiko neurriak? Alemania, Portugal eta Erresuma
Batua aztertuko ditut.
Alemanian, lehen eta bigarren hezkuntzan derrigorrezkoa
da erlijioaren irakaskuntza. Halere, gurasoek edo hamalau urte beterik dituzten
gazteek erlijio klaseen ordez etika klaseak izatea aukeratu dezakete. Islama,
zenbait landerretako hezkuntza sisteman irakasten den turkiera ikastaroan da
aztergai eta beste zenbait landerretan (Westfalia kasu) aukeran dute hizkuntza
alemana.
Erresuma Batuan, hezkuntza publikoa beharturik
dago hamasei urte bete arte erlijioa irakastera, gurasoen edo gazteen borondatea
aintzat hartu gabe. Izan ere, Erresuma Batuko erlijio klaseak ez dira bertan
nagusi den erlijiora mugatzen, kristautasunaz gain, beste hainbat sinesmen motaren
izaera ere aztertu egiten baita, erlijioaren azterketaren kutsu konfesionala
gutxituz eta izaera akademikoa handituz alegia. Hezkuntza publikoak badu nabardura
aipagarri bat: zenbait eskola publikok (25.000tik 7.000 hain zuzen) irakaskuntza
erlijiosoa dute helburu, fede eskolak dira deituak eta anitza da beren osaera:
kristauak, judutarrak, musulmanak…
Portugalek nahiko sistema bitxia du. Erlijio
klaseak aukerazkoak eta beti ordutegiko azkenak dira. Eliza agintariek diskriminaziotzat
jotzen dute egoera hau eta beronen aldaketa bat eskatu diete gobernu arduradunei.
Erlijioa ez da gaur egun urteetan izan den gizarte
balore determinatzailea. Gure inguruko gizarteetan laizismoa hezkuntza sistema
gehienen ezaugarri bilakatzen ari da pixkanaka, hain zuzen, elkartasun, justizia
eta berdintasun baloreetan sakonduko duen gizarte batek ez baitu erlijioak irakatsitako
baloreen ezinbesteko beharrik. Mundu mailan gertatzen diren hainbat fenomeno
ulergarriak izan daitezen erlijio garantzitsuenen ulermena nahi- taezkoa bada
ere, erlijioaren baloreetan haztea bestelako kontua da. Gurasoen hautua izanik,
gurasoek garrantzitsutzat jotzen duten hezkuntza arlo hori asetzeko aukera izan
behar dute (komunitate erlijiosoetan, parrokietan, sinagogetan…), baina ez
hezkuntza eredu bat derrigorrez inposatuz. Hezkuntzak laizismorantz jo behar
du, ez alderantziz. *
Fuente: Eusko Alkartasuna