Nekane Alzelai. Parlamentaria.
Estatuak, geroz eta zentralismo handiago baten aldeko politika indarrean jarri
duenean, egoera honetan, Itun Ekonomikoa berritzeko negoziazioei hasiera emateko
unea iritsi zen. Honela, estatuko gobernuak, politika hori jarraituz, Itun Ekonomikoa
ez negoziatzeko erabakia hartu zuen eta Itun Ekonomikoaren luzapenaren alde
bateko legea onartu du. Ez du aintzat hartu bi aldeen arteko ituna dela, ez
eta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion autonomia fiskala, eskubide historiko
bat dela eta ez estatuko administrazioak, euskal autonomia erkidegoko erakundeei
eskaintzen dien aukera bat. Beraz, egoera honetan, Itun Ekonomikoaren luzapena
arautzen duen legea, aintzakotzat ez hartzea dagokigu. Eta zentzu honetan, zuen
proposamenaren lehen zatiarekin ados egon gintezke.
Gauzak honela, zuen proposamena Kupoa ez ordaintzea
da.
Proposamen honekin ez gaude ados. Gure jarrera
arrazoitzeko bi gogoeta egingo ditut: alde batetik politikoagoa den gogoeta
bat egingo dut eta bigarrenik teknikoagoa, zuzenki kontabilitatearekin zer ikusia
duen azalpena emango dut.
Kupoa, independentzia egoeran ez gaudenaren
islarik garbienetako bat da. Ados. Baina kupoa ez ordaintzeko erabakiak, ez
dakar zuzenean independentzia. Independentzia prozesu politiko baten ondorioa
izango da, elkarrizketa eta negoziazioan oinarrituko den prozesu baten ondorioa
izango da. Eta edozein kasutan, prozesu politiko horretatik aterako den adostasun
politikoa, herritarren gehiengoak berretsi beharko du. Prozesu politikoa irekita
balego, honelako egoerak erabil genitzake prozesu hori nolabait azeleratzeko.
Baina prozesua oraindik asteko dagoenean ezin daiteke honelako egoera bat erabili,
artifizialki, prozesuari hasiera emateko eta artifizialki, prozesu horren aldeko
babesak batzeko.
Politika egiteko bi aukera ditugu: fikziozko
politika egitea aukera bat da eta bestea egungo errealitatea kontutan hartuta,
arduraz jokatzea. Beste bat ere bada, iruzurrean aritzea, baina hori beste kontu
bat da. Jaurlaritzaren aukera eta guk babestuko dugun aukera, errealitatean
oinarritutako politika egitea da. Zentzu honetan, egungo legedia errespetatuz,
indarrean dagoen kupoaren legea errespetatuz, beharrezkoa den kopurua ordaintzeko
erabakia hartu da. Baina ez gehiago. Jaurlaritza ez dago beharrezkoa den baino
gehiago ordaintzeko prest.
Kupoa, eskuratu gabe ditugun eskuduntzen diru
ordaina bezala definitzen da orokorrean. Eta ala da. Baina baita ere eskuratu
gabe ditugun diru sarrerengatik, estuak egin beharreko ordainketak kontutan
hartzen dira bere kalkuluan. Itun Ekonomikoaren arabera, hainbat zerga arautzeko
eskuduntza dugu, eta arautzeko eskuduntzarik ez dugun zergei dagokionez, hauek
kudeatzeko aukera dugu. Honek, diru sarreraren aldetik, ahalmen handia ematen
digu. Baina badira beste hainbat diru sarrera, soilik, estatuarenak direnak.
Ezin dugu ahaztu Gizarte Segurantza erabat estatuaren esku dagoen iturri garrantzitsu
bat dela, diru kopuru garrantzitsuak kudeatzen ditu. Honela, Kupoa, Euskal autonomia
erkidegoko erakundeen eta Espainiar gobernuaren arteko finantza erlazioaren
kitapena dela esan dezakegu. Horregatik kupoaren kalkulua egiterakoan hainbat
ajuste eta konpentsazio egin behar dira.
Finantza erlazio honek Euskal Autonomia Erkidegoko
erakundeengan eragin zuzena du, baina baita estatuko diru sarreretan ere, zeren
kupoaren kopuruaren arabera, espainiar gobernuaren diru sarrera bata edo beste
bat izango da. Horregatik du horrenbesteko interesa estatuko gobernuak, berak
finkatzeko kopuru hau, Baina Kupoa bi aldeen arteko adostasuna da. Bi aldeek
berdintasunezko egoeran negoziatzen dute. Bi aldeek onartzen ez duten kopururik
ez badago, ez dago adostasunik. Eta egoera honetan gaude. Ez dago adostasunik.
Jaurlaritza ez dago behar dena baino gehiago ordaintzeko prest. Eta Jaurlaritzak
tinko eusten dio bere jarrerari.
Erabaki hau hartzeko, egungo marko juridikoan
oinarritu gera. Bai. Baina horrek ez du esan nahi egoera honetan eroso eta gustura
sentitzen garenik. Gure helburua egungo marko juridikoa gainditzea denean batez
ere. Baina egoera hau aldatu nahi bada, ez da kupoa ez ordaintzetik hasten.
Egoera aldatu nahi bada benetako prozesu politiko bati eman behar zaio hasiera.

Fuente: Eusko Alkartasuna