Martin Aranburu Giza eskubideen aldeko borrokak bi aspektu osagarri
eta desberdin izaten ditu: giza eskubideen lorpena bera eta eskubideen errespetuaren
lorpena. Hainbeste bidegabekeriako mundu honetan asko dira aspektu batean zein
bestean lanean dihardutenak. Beraien lana isila izaten da, eta, gehienetan,
gutxi batzuen errekonozimendua jaso ohi dute. Asko dira gehiengoaren ezagutzatik
kanpo mundu bidezkoagoa lortzeko borrokan ari direnak. Horren adibide dira Amerikako
indiarren eskubideen alde urteetan aritu direnak. Hain zuzen, Amerikako indiarrek
historikoki pairatu duten zapalketa egoerari amaiera eman nahi dion gizataldea
bildu da Arranoa proiektua delakoaren inguruan.
Arranoa proiektua Kalifornian sortu zen 1992.
urtean, eta Alaskatik Su Lurralderainoko amerikar indigenak biltzen ditu. Europan
1997. urtean kokatu zen Herri Katalanetako Bartzelona hirian. Herri indigena
desberdinen eskakizunari jarraiki, Arranoa proiektuak Nazioarteko Zuzenbiderako
eta Defentsarako Foro Iraunkorra sortu zuen Amerika osoko indiarrek Estatu desberdinen
aldetik pairatzen duten zapalketa sistematikoaren aurka laguntza legala izan
zezaten. Hortaz gain, Amerika osoko indiarrak biltzen dituen indiarren topaketak
antolatzen ditu urtero: otabaloak, kollak, tobak, maputxeak, aimarak, zapotekak,
inkak eta maiak besteak beste. Topaketez gain, Arranoa proiektuan lanean dihardutenek
hispanitate eguna erabili ohi dute beraien aldarrikapenak gizarteratzeko. Iazkoan,
adibidez, aldarrikapen desberdinak biltzen zituen eskakizuna egin zuten: arraza
bakarra gizateria da, beraz arraza hispanoaren eguna den hispanitate festa bertan
behera geratu behar da; indiar herriek autodeterminatzeko duten eskubidea onartu
behar dute estatuek; Amerikako eta Europako estatuekin erlazio zuzena izateko
eskubidea, inolako bitartekaritzarik gabekoak; NBEn indiarrek dituzten ordezkarien
hautaketa demokratikoa eskatu, ez ordea Estatuen izendapen zuzena; estatuek
historian zehar indiar herri desberdinekin itaundutako hitzarmenen betetzea;
estatuek herri indiarrei historian zehar sistematikoki lapurtutako ondare desberdinen
itzulketa; estatuetako Gobernu desberdinek historian zehar lapurtutako lurraldeen
itzulketa; estatuek indiarren erailketarako, errepresiorako eta bazterketarako
duten zigorgabetasunaren salaketa; nazioarteko enpresa ugariek gaur egun egiten
duten indiar lurren bigarren inbasioaren salatzea; ume indiarren lapurketa sistematikoaren
salatzea.
Europan lau urte daramatzate. Amerikan jada hamar.
Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren berri izanik, euskal gizarteari
beraien egoera aurkezteko desioa dute, beraien aldarrikapenen zilegitasuna erabat
ulertuko dugula ziur baitaude. Denbora gutxi barru izango dugu EEBBak nagusi
diren Amerikan ematen den giza eskubideen errespetuari buruz beraiek duten iritzia
entzuteko parada. Ziur naiz Euskal Herriak horrelakoetan ohi den bezala jokatuko
duela: begirunez, elkartasunez eta laguntzaz.

Fuente: Eusko Alkartasuna