Erronka Legution bizi direnen bizi kalitatearen baldintzetan eragina duten esparruetan lanean jarraitzea dela esan du Jon Leza alkateak, Tokiko Agenda 21aren alorrean egindakoa aitortua ikusi eta gero.
Diploma baten bidez aitortu du Eusko Jaurlaritzak Legutioko Udalak parte hartzearen oinarriarekin ingurumena, gizarte gaiak eta ekonomia uztartzen duen Agenda 21ean egindako lana. Jon Lezak esan duenez, “Legution bizi diren pertsonen ongizatean eragina duten esparruei buruz ari gara, beraz”. Lan honen bidez gainera, “Udalek ere garapen iraunkorra lortzeko ahaleginean ekarpenak egin ditzakete”.
Alkateak esan duenez, Tokiko Agenda 21aren barruan dagoen Legutio 2020 planak 100 neurri zehatz biltzen ditu, eta orain arte gauzatze gradua %40koa da. Planaren barruan dagoen neurri batek, udalerriaren diagnosi kultural eta anbientala egitekoak, ere aitortza berezia lortu du, eta Eusko Jaurlaritzak %80aren kofinaziazioa eman dio, ingurumen arloan berrikuntza aplikatzearen eredu bezala aitortuta.
Oraindik garatu beharreko neurrien artean berriz, “mugikortasun arloan aurreikusita dagoena” azpimarratu du Lezak: “kotxearen alternatibak landuko ditugu, bidegorri sarea adibidez”.