Errepideetarako Bidesarien Foru Araua erretiratzeko eskatu dio Iban Asenjok Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eakidea eta EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, A-15 eta N-1 Gipuzkoatik pasatzean merkantzia garraioak ordaindu beharrekoa onartzen duen Araua onartzearekin segurtasun eza sortu du EAJ-PSEren Aldundiak dagoeneko epaitegiek legez kanpokoa dela esan baitute. Gainera, gainontzeko batzarkide taldeei ez zaiela informaziorik eman salatu du eta, beraz, ekarpenak egiteko aukera kendu egin zaiela.
Aurtengo apirilean Justizia Auzitegi Nagusiak EAJk, PSEk eta PPk Batzar Nagusietan bertan onartu zuten bidesarien Foru Arau berriaren aurkako epaia eman zuen, “zuzenbidearekin bat ez datorrelako, zeharkako diskriminazioa suposatzen duelako abiapuntua edo helmuga Gipuzkoatik kanpo duen garraioarentzat”, gogoratu du Asenjok. Eta epaiak, noski, bere balioa mantentzen du, nahiz eta Bide-azpiegituretako diputatuak hori ukatzen saiatu den.
Bere jarrerarekin segurtasun eza sortu du Aldundiak. Izan ere, eta batzarkide abertzaleak galdetu duenez, “lehen epaitegi batek zuzenbidearekin bat ez zetorrela esan zuen eta deusezkotzat jo zuen Foru Araua diputazioarentzat juridikoki bikaina bazen, orain nola jakin dezakegu prestatu den proiektu berriak legea betetzen duela?”
Foru Araua onartu egin da EAJ eta PSEren botoei esker berriro ere.
Hemen duzu Iban Asenjok egin duen hitzaldia, gai honen inguruko datu gehiago eta auziaren ibilbide historikoari buruzko argibideekin.

Historia motza:
2018ko apirilaren 9an, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak, PNVk, PSEk eta PPk Batzar Nagusietan onartu zuten bidesarien Foru Arau berriaren aurkako 19/2018 epaia eman zuen. Era labur batean, epaiak azaltzen du Foru Araua zuzenbidearekin bat ez zetorrela eta deusezkotzat jo zuen, interpretatu baitzen ezarritako bidesari erregimenak, aukeratutako bide zatien eta ibilbide-luzeraren arabera, zeharkako diskriminazioa dakarrela abiapuntua edo helmuga Gipuzkoatik kanpo duen garraioarentzat, Gipuzkoa barruko garraioarekin alderatuta, eta, ondorioz, urratu egiten dela 2011/76UE zuzentarauak 7.3 artikuluan aurreikusten duen inor ez diskriminatzeko printzipioa.
Bide-azpiegituretako diputatu andereak, berriz, askotan hitz egin du epai horren kontra, balioa juridikoa eta politikoa kendu nahian. Gaur da eguna, berriz, non Diputazioak epai horren aurka azaldutako guztia alboratu eta Foru Arau proiektu berria idatzi duen, eta faktuan, ontzat emanda aipatuko epaia, Foru Arau proiektu berrian hainbat zuzenketa sartuz.

HISTORIA LUZEA:
Edonola ere, historia luzeagoa egin genezake eta 11 urte atzerago joan beharrik gabe, aurreko agintaldian eginda eta entzundakoa ekar genezake honetara:
- Etzegarateko bidesaria, PNVk jarri nahi zuena: 53 bat milioi, bakarrik kanpoko garraiolariek ordaintzeko, N1 osoa, ikuspegi zaharkituarekin lur azalean beste zauri jasanezin bat…
- Bilduren proposamena: modernoa eta Europako zuzentarauekin bat zetorrena.
- BIDEGIKO zor bati erantzun behar, zuek sortutakoa. 900 milioi euro, gogoratzen duzue, ezta?
- Atzera bota zenuten, azalpenik gabe, Bildu desgastatzea zen helburu bakarra, hauteskunde interes hutsak, herritarren interesak alde batera utzita.
- Atzera bota zenuten, azalpenik gabe, inongo ekarpenik egin gabe, inongo hobekuntza proposatu gabe, ezezko borobil batekin. Zergatik? Zertarako?
Jakin badakizue, horrela jokatu ezean, gaur egun, arazoa konponduta legoke.

Irailaren 13an, EH Bilduk eskatuta, Diputatu anderea Bide-azpiegituretako batzordera etorri zen, Foru Arau Proiektu hau azaltzeko. Bertan azpimarratu genituen HIRU MEZU NAGUSIak oraingo Osoko Bilkura honetara ere ekarri nahi izan ditugu:
1. Gipuzkoako Foru Aldundiak sententzia horren kontra etengabe hitz egin duen arren eta arrazoi juridikoa beraiekin dagoela behin eta berriz baieztatu duen arren, orain hemen aurkezten ari den FA proiektu berriak bertan behera uzten du erabilitako diskurtso osoa: FA proiektu berri hau zuek zuen FAri aurkeztutako OSOKO ZUZENKETA da, Diputazioak berak bere buruari egin diona.
(Lasai eta ideia hau azpimarratu: ez du ontzat eman urte eta erdi lehenago beraiek egindako Foru Araua).
2. FA proiektu berri hau korrika, presaka eta trakets prestatu da. FA proiektu honek ez dakar ezta legez ekarri beharko lukeen FINANTZAKETA TXOSTENA, edo, Diputazioaren hitzetan, BIDERAGARRITASUN EKONOMIKO FINANTZARIORAKO AZTERKETA. Dokumentu hau gabe, nola egin dezakegu FA proiektu honen balorazio ekonomiko objektiboa, serioa eta zehatza?
(Azterketa hau Diputazioak izan arren, horretan oinarritu arren eta TALDEOI bidalitako informazioan aipatua izan arren, ez dago. Zergatik? Gobernantza berria?)
PLAGIOAREN IDEIA HEMEN TXERTATU. Besteak beste, arkuak. Legearekin bat egiteko, arkuak jarri behar, ez kendu.
3. Eta, oraindik, erantzun gabe jarraitzen du oinarrizko galdera batek: zer gertatuko da epaitegietan Diputazioak indarrean mantentzen duen, dirua kobratuz hain zuzen, gaur egungo FA bertan behera, behin betirako, utziko balu? Nola egingo luke garraiolariei gaizki kobratutako dirua bueltatzeko? Nola eragingo luke Diputazioaren ogasunean?
Gaur, berriz, ganbara honetan, Bide-azpiegituren diputatuaren azalpen bakarra izango da “ez garela hasiko balitz eta balego-etan”??

Eta, hau guztia gutxi balitz, beste gogoeta bat ere mahai gainean geratzen da, izan ere, lehen epaitegi batek zuzenbidearekin bat ez zetorrela esan zuen eta deusezkotzat jo zuen Foru Araua diputazioarentzat juridikoki bikaina bazen, akatsik gabekoa, orain nola jakin dezakegu prestatu duzuen FA proiektu berri honek bat egiten duela hemengo eta Europako araudiekin?

Izan ere, esan bezala, gogoratu dezagun, 2018ko apirilaren 9an, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak, PNVk, PSEk eta PPk Batzar Nagusietan onartu zuten bidesarien Foru Arau berriaren aurkako 19/2018 Epaia eman zuen eta Diputazioak prestatutako Foru Araua legez kontrakotzat jo zuen urratu egiten baita 2011/76UE zuzentarauak 7.3 artikuluan aurreikusten duen inor ez diskriminatzeko printzipioa.