PSOE ez beste alderdi guztiek botoak irabazteko trikimailutzat jo zuten, baina Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) onartu berri duen erreforma –biztanle orori 400 euro itzultzea– Hego Euskal Herrian ere ezartzea edo ez, edo indarrean nola jarri eztabaidatzen ari dira orain Ogasunak. Zapateroren neurria kopiatzea errefusatu du Eusko Alkartasunak (EA), «aurrerakoia ez delako». Aldiz, sistema mailakatua, diru sarreren araberakoa, proposatu du.

Soldatapeko, pentsiodun eta langile autonomo bakoitzari 400 euroko kenkaria ezartzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak, ekaineko atxikipenetatik hasita. Ekonomiaren moteltzeari aurre egiteko neurrien barruan sartu zen kenkaria, kontsumoa suspertzeko aitzakian. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan ez da indarrean sartu, ogasun eskumenak dituztelako herrialde bakoitzak.

EAren ustez, filosofiak honako hau izan behar du: sarrerarik apalenak dituzten pertsonek kenkari handiagoak izatea, eta, aldiz, errentarik oparoenak dituztenek kenkariak jasotzeko aukerarik ez izatea. Hain zuzen ere, errentarik apalenen kasuan, murrizketa 400 eurokoa izan beharrean 600 eurokoa izatea nahi du EAk.

Sistema fiskalaren erabilera «bidezkoa» horixe dela esan du Nekane Altzelai EAko Gizarte Gaietarako idazkariak. Oraingoz, moldaketaren norabidea baino ez du zehaztu alderdiak. Alegia, ez du esan zer diru-sarrera mailaraino kobratuko den 600 euroko laguntza fiskala, eta zenbatetik gora ez den deus jasoko.

NEGOZIAZIOA, MAHAIAN

EAren ustez, Espainian onartu den aldaketak hainbat hutsune ditu. Hala, aldi baterako kontratuak edo lanaldi partzialak dituzten pertsonek, eta, oro har, diru gutxi irabazten duten soldatapekoek ez dutela kenkaria osorik kobratzerik izango nabarmendu du Altzelaik, askori diru gutxiago atxikitzen zaielako. Era berean, kenkariak pentsiodunen laurden batek soilik baliatuko dituela kalkulatu dute.

Espainian onartu den 400 euroko kenkariarekin zer egin ari dira negoziatzen orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasunak eta Eusko Jaurlaritza Zergak Koordinatzeko Organoan (OCT). Mahai horretan bere proposamena defendatzeko aukera izango du EAk, Gipuzkoako Ogasun eta Finantza ahaldun Peio Gonzalez alderdikidearen bidez. Hori bai, organo horretan Espainiakoaren antzeko erreforma hitzartuz gero, Biltzar Nagusietan aurka egiteko asmoa dutela iragarri du EAko Ekonomia idazkariak, Jesus Mari Agirrezabalak.

EAren bereizketak erreforma nola hitzartu zalantzan jarri du. PSE-EEk Zapateroren gobernuak onartu duen moldaketa bere horretan ezartzea galdegin du. Hiru aldundiak gobernatzen dituen alderdia, EAJ, neurriaren aurka mintzatu zen Espainiako Kongresuan, «garestiegia» dela argudiatuta. Haatik, edozein zerga erreforma aurrera atera ahal izateko beste alderdiren baten babesa behar dute jeltzaleek, biltzar nagusietan ez dutelako gehiengo osorik.

Esaterako, 400 euroko kenkariez gain, PFEZen tarifak deflaktatzeko EAJk eta PSE-EEk hitzartu zuten moldaketa ez da artean gauzatu. Prozedura horrekin inflazioa aintzat hartu eta atxikipen taulak gaurkotzen dira. Aurten aldundiek ez dituzte tarifak aldatu, errenta zergaren moldaketak indarrean sartzen diren urtean ez dela egiten argudiatuta. Azkenean, presioei men egin eta atxikipen tauletan %2 aintzat hartzea onartu zuten, baina oraindik ez da egin.

I. Santamaria
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Nekane Alzelai