Etxean sortutako errefustzat hartzen diren hondakinak –pixa-ohialak eta konpresak, hain zuzen- birziklatzeko proposamen zehatza egin du Iban Asenjo EH Bilduko legebiltzarkideak eta EAkideak gaur Zumaian egin den Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkura ibiltarian. Etxean sortutako hondakinen %14 errefustzat hartzen dira eta horietatik portzentajerik handiena pixa-ohialak eta konpresak dira. Orain artean ez dago Gipuzkoan horiek errekuperatzeko aukerarik eta horretarako hain zuzen aurkeztu du plana Asenjok.
Errefustzat jotzen diren hondakinen zatirik handiena (%60-%65) dira pixa-oihalak eta konpresak, eta “horiek birziklatuta, Gipuzkoan sortzen dugun hondakinen %95 birziklatu eta berrerabil genezake”, azaldu zuen Asenjok, “jauzi kualitatibo eta kuantitatibo” izango zela azpimarratuta.
Batzarkideak azaldu duenez, egun Euskal Herrian bertan sortutako teknologiak posible egiten du zabortegira joango liratekeen pixa-oihalak eta konpresak jaso eta birziklatu, gero beste produktu berriak sortzeko balioko duten osagai ezberdinak ateratzeko. Inbertsio aldetik ere erregailua baino askoz ere merkeagoa da, 1.400.000 eurokoa baita kostua.
Asenjok aurreko legegintzaldian birziklapen esparruan Bilduk egindako lana balioan jarri eta EAJ-PSEren Gobernuak gai honi buruz duen “burugogorkeria eta miopia” salatu du. “Etorkizuna argia da: errausketa, 0; isurketa, 0”, aldarrikatu du batzarkideak.
Gobernu kideen botoek atzera bota dute EH Bilduren ekimena.