Fernando Velasco: “Atzo egindako atxiloketen inguruko azalpenak egokiak ez badira, berraztertu beharko dugu EAk EAJrekin batera foru gobernuan jarraitu behar duen ala ez”.

Arabako EAko Koordinadorak Arabako Foru Aldundian EAJrekin batera lanean jarraitzeko ezinbesteko baldintzak ezagutzera eman ditu gaur, atzoko atxiloketek ekarri duten egoeraren harira. Fernando Velasco herrialdeko koordinatzailea, Antxon Belakortu Koordinadorako bozeramailea, Lauren Uria Batzar Nagusietako eleduna eta Mikel Mintegi Ingurumen foru diputatua agertu dira prentsaurreko batean.

Velascok azaldu duenez, “EAk azalpenak eskatu ez, exijitu egiten ditu”. Atxilotuen errugabetasun-presuntzioa errespetatuz, haien kontra egin diren akusazioek “konfiantzarik eza eta haserrea pizten dute gizartean”; hori dela eta, “EAn ez dugu onartuko gu gauden gobernu batean ustelkeria izpirik txikiena ere egotea eta ez ditugu etorkizunari begirako planak partekatuko horregatik susmopean dauden kideen erantzukizun politikoak garbitzen ez dituen alderdi batekin”.

Auzipetuen kontrako akusazioak oso larriak dira eta horregatik EAk eskakizun zehatzak egin dizkio, batetik, Xabier Agirre diputatu nagusiari eta, bestetik, Iñaki Gerenabarrena ABBko presidenteari.

Agirreri zera exijitzen dio EAk: Alfredo de Miguel kargutik ken dezala, ikerketa batzordeak ireki ditzala susmopean egon daitezkeen instituzio edo erakunde publiko guztietan eta Arabako Foru Aldundia prozesu judizialean akusazio partikular bezala aurkez dadila, hala badagokio.

Halaber, Arabako EAJko presidenteari zera exijitzen dio: bere alderdikideen erantzukizun politikoak garbi ditzala, bi alderdien arteko bilera bat dei dezala arazoa sakonean aztertzeko eta, Jaurlaritzako erakundeak ikerketan inplikaturik daudela baieztatuz gero, Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzeko EAk egingo duen eskariarekin EAJk bat egin dezala.

Eskakizun hauek ez dira negoziagarriak, ohartarazi du Velascok, eta “azalpenak egokiak ez badira, berraztertu beharko dugu EAk EAJrekin batera foru gobernuan jarraitu behar duen ala ez”, une honetan EAJk ez diolako EAri nahikoa bermerik ematen.

Jatorria: Eusko Alkartasuna