Juanjo Agirrezabalak Mahaiaren erabakia aintzat hartu du “gainsoldata bat desagertzea dakarrelako eta aurrerapausoa delako funts publikoen erabileraren inguruko gardentasuna hobetzeko”. Beste taldeek gastuari gehienezko muga jartzeari uko egitea deitoratu du, hala ere.

Legebiltzarreko Mahaiak EH Bilduren proposamena aintzat hartu eta bidaia ofizialetan legebiltzarkideek jaso ohi dituzten dietak ordaintzeko sistema aldatuko du azkenean. Hemendik aurrera, koalizioaren presioari esker, aldez aurretik eta faktura bidez justifikatutako gastuak bakarrik ordainduko ditu Legebiltzarrak; orain arte, aldiz, dietak ordaindu dira gastuak justifikatu behar izan gabe, gastuak benetan egon ala ez (117 euro eguneko espainiar Estatuan eta 162 euro Estatutik kanpo).

Juanjo Agirrezabala mahaikideak gainerako talde politikoekin lortutako akordioaren gaineko irakurketa positiboa egin du, “batzuetan ezkutuko gainsoldata izan diren dieta batzuk desagertaraztea dakarrelako; onartezina da Legebiltzarrak praktikan existitzen ez diren gastuak ordaintzea”. Horren harira, “diru publikoa kudeatzeko orduan zorrotzak izan behar dugula” nabarmendu du Agirrezabalak, eta faktura bidez justifikatutako ordainketa sistema egokiena dela adierazi du, “bidezkoa delako eta abusuak eta gehiegikeriak saihesten dituelako”. Gainera, erantsi duenez, “funts publikoen erabileraren inguruko gardentasuna hobetzeko aurrerapausoa da”.

Hala eta guztiz ere, EH Bilduko legebiltzarkideak deitoratu du beste talde politikoek balizko gastu horietan gehienezko muga bat jartzeari uko egin izana. Horixe eskatu du koalizioak, baina EAJk, PSEk eta PPk ez dute horrelakorik onartu legebiltzarkideentzat. Hauei Jaurlaritzako goi karguen erregimena aplikatuko zaie, hau da, gastuak justifikatu beharko dituzte baina epemugarik gabe. Ez da hori gertatuko, ordea, Legebiltzarreko langileekin, hauen kasuan Mahaiak bai ezarri baitu muga bat, Gobernuko funtzionarioei ezarritako berbera.

Agirrezabalaren iritziz, “aukera on bat galdu da diru publikoa are zorrotzago kontrolatzeko”, baina, edonola ere, gastu mugarik ez egotea erlatibizatu du, “inor ez delako hain arduragabe izango neurriz kanpoko gastuak kobratzen saiatzeko, jakinda fakturak aurkeztu eta justifikatu beharko dituela eta Legebiltzarreko organoen fiskalizazio sistemaren menpe egongo dela”.