JUANJO AGIRREZABALA “Gastua egon ala ez legebiltzarkideei dieta ordaintzea onartezina da”, dio Juanjo Agirrezabalak, eta dieta “ezkutuko gainsoldata” bihurtzen dela ohartarazi du. Legebiltzarrak Jaurlaritzan erabilitako irizpidea aplikatzea eskatuko du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarkideek bidaia ofizialetan dituzten gastuak dieta bidez konpentsatzeko sistema, 1991z geroztik indarrean dagoena, aldatu nahi du EH Bilduk, eta hala planteatuko du Legebiltzarrean 2013ko aurrekontuak eztabaidatzen direnean. Hauteskunde kanpainean hartutako konpromisoari jarraituz, koalizioak dieta horiek jasotzeko eskubidea mugatu nahi du, “egindako gastua faktura bidez justifikatuta dagoenean bakarrik ordaintzeko”, Juanjo Agirrezabalak iragarri duenez. “Gure proposamena ez doa inoren kontra, sistema hobetzearen alde baizik”, gaineratu du.

Izan ere, azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “gaur egun legebiltzarkideek dieta horiek kobratzen dituzte gastuak justifikatu beharrik izan gabe; hau da, gastua egon ala ez, dieta ordaintzen da, eta ezin da ahaztu askotan ez dagoela gasturik, legebiltzarkideak beste instituzio batzuek gonbidatuta daudelako”. Zehazki, dieta 117 eurokoa da egunero Estatu barruko bidaietan, eta 162 eurokoa Estatutik kanpokoetan.

Legebiltzarrak garraioa eta hotela ordaintzen dituela gogora ekarri ondoren, Agirrezabalak indarrean dagoen sistemaren hutsuneak agerian uzten dituen adibide argia ipini du mahai gainean: “Esaterako, bidaia ofizial batean Argentinan astebete pasa ondoren, gastu gehienak ordainduta, legebiltzarkide batek 1.100 euro baino gehiago kobratzen du, eta hori ez da irudizko adibide bat, hori gertatu izan da”. Bere iritziz, “horrek ez du justifikaziorik, eta are gutxiago legebiltzarkideon soldatak oso onak direla kontuan hartzen badugu. Modu horretan dieta ezkutuko gainsoldata bihurtzen da”.

Sistema aldatu beharra agerikoa da, koalizioaren irudiko, eta eskari zehatza egingo du horretarako. “Gure proposamena -dio Agirrezabalak- dietak ordaintzea da, baina bakarrik legebiltzarkideak aldez aurretik gastua justifikatzen baldin badu; hau da, dieta kontrafaktura ordaintzea proposatzen dugu”. EH Bilduren ordezkariak azaldu duenez, “Jaurlaritzan irizpide hori erabiltzen dute, eta Legebiltzarrean ere berdin egitea nahi dugu, betiere gastuari gehienezko muga bat jarrita, funtzionarioei aplikatzen zaien berbera, 42 euro eguneko Estatuan eta 63 euro eguneko Estatutik kanpo”.

Agirrezabalaren esanetan, “Barcenasi eta horrelakoei esker gizartean politikarien irudia hain kaskarra den une honetan, EH Bilduren proposamen honek balio dezake topiko faltsu batzuk uxatzeko eta jendeari argi uzteko hemen ez dagoela pribilegiorik, zintzo jokatzen dugula”.

Bidai-dietak ez ezik, legebiltzarkideei hilero ordaintzen zaizkien lokomozio gastuak ere aztergai ditu EH Bilduk, Agirrezabalak jakinarazi duenez: “Oraindik ez dugu proposamen zehatz bat, baina gaia aztertzen ari gara, gastu horietan ere elementu batzuk eztabaidagarriak izan daitezkeelako, hala nola, Arabako legebiltzarkideek kobratzen dituzten gastuak eta abuztuan ere jasotzea”.