Greba orokorrak gizarte eredua aldatzea helburu duen estrategia soberanista abiarazteko balio dezala nahi du EH Bilduk. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkide eta EH Bilduko hautagaiak parte hartu du koalizioaren agerraldi publikoan:

Hau da gaur egungo errealitatea:
-Langabetuak Hego Euskal Herrian (abuztuko datuak): 200 milatik gora langabetu.
Araba: 25.469
Gipuzkoa: 44.745
Bizkaia: 89.911
Nafarroa: 51.000
-Krisialdiaren arduradun nagusiak diren bankuei eman zaizkien 100.000 milioiak herritarrok ordaintzea nahi dute.
-Estatu espainarra “erreskatea” eskatzeko zorian. Interbenituta dago ‘de facto’.
-BEZaren igoera, zenbait sektore hiltzorira kondenatuz.
-Soldaten jaitsiera eta prezioen igoera izugarria.
-Langabezia prestazioak suntsitzen.
-Zerbitzu publikoak deusezten eta pribatizatzen: irakaskuntza (ikasle ratioak gora, irakasle gutxiago), osasungintza (kopago formulak ezarri nahian), menpekotasuna duten pertsonak laguntzarik gabe…
- Pentsioak murriztera doaz berriro.

Beraz, egoera JASANEZIN honek langileon aldetik ERANTZUN SENDOA ematea eskatzen digu eta horregatik, datorren irailaren 26an GREBArekin erantzungo diegu, gure DESADOSTASUNA erakusteko, gure HASERREA adierazteko eta ALTERNATIBA badugula aldarrikatzeko.

Egoera honetara ekarri gaituzten horiek, egoera larri honetara ekarri gaituen politika neoliberalen defendatzaileek, hasi PP, PSOE, UPN eta PNVraino, EGOERA HONEN ERRUDUN ETA ARDURADUNAK DIRA. Gainera esaten digute orainarte aplikatutako politika BERDINEKIN KRISITIK ATERAKO GAITUZTELA, hau da muturreko politika ultraneoliberalak aplikatuz aterako gaituztela krisitik. Eta guk esaten diegu hori GEZURRA dela, EZINEZKOA dela.

Merkatuek aspaldian Ongizateko estatua delakoa akabatzea erabaki zuten. Merkatuen mesedetan dauden gobernuak lan zikin guztia txukun egiten ari dira. Laster etorriko diren gizarte zerbitzuen murrizketek eta erasoek aurrekoak txiki, oso txiki utziko dituzte eta horren ondorioz batzuk oso ondo bizi izango diren baina jende askok gorriak pasako ditu.

100.000 milioi euroko erreskatea eman zaio Espainiar estatuari banka saneatzeko. Diru hau, beraz, sistema finantzieroari bideratuko zaio, baina herritarrok ordainduko dugu. Bankarentzako 100.000 milioi horien trukean ezarri nahi dituzten murrizketak ez dira zerbait isolatua. Estatu erreforma baten aurrean gaude.

PPk, PSOEk. UPNk eta PNVk aplikatu dituzten politika neoliberalek sortu dute krisia eta honi muturreko politika ultraneoliberalekin erantzuten ari dira. Ondorioa: herritarrak pobreziara eta bazterketara kondenatzen ari dira. Enplegua suntsitzen jarraituko dute eta, gainera, langabezi prestazioak eta babes soziala murriztuko dute; soldatak bajatzen ari diren bitartean, prezioak igotzen ari dira; oinarrizko zerbitzu publikoak jadanik ez daude bermaturik.

Pasa den urtean, udan, PPk eta PSOEk konstituzioa aldatu zuten, inori galdetu gabe. Orduan ere esaten genuen, estatuarentzat beste edozein gasturen gainetik, lehentasuna bankari ordaintzea zela. Hau da, estatuak dauzkan gastuen aurrean, bankuekiko zorra ezabatzea zela lehentasunezkoa. Momentu honetan, estatuak diru gehiago gastatzen du bankaren interesak ordaintzen, langile publikoen nominetan baino.

Eredu ekonomiko eta sozial hau ezartzeko birzentralizazio prozesu batean murgildurik gaude. Estatu erreforma ere helburu honi begira ere badator. Hortaz, estatuaren funtzioa errekurtso publikoak iniziatiba pribatuari bideratzea, eta iniziatiba pribatuarentzako eremu, aukera eta testuinguru aproposak sortzea da eta bilakaera honek sortu ditzakeen gatazken gaineko kontrol soziala ziurtatzea.

Bada alternatiba. Baina alternatiba ez dator orainarte PPk, PSOEk, UPNk eta PNVk aplikatu eta defendatu dituzten politiketik, alternatiba burujabetza politiko eta ekonomikotik dator. Burujabetza politiko eta ekonomikoaren alde dauden guztiekin bat egin behar dugu, Euskal Herriaren burujabetza eta eredu politiko-ekonomikoa aldatzea nahi duten guztiekin, gehiengo sozial, sindikal eta politikoa osatuz. Eremu politikoan ezkerreko aliantza soberanista dagoen bezala eremu sozialean ere beste horrenbeste beharko genuke, estrategia soberanista bere osoan gauzatua izan dadin.

EHBilduk irailaren 26ko greba orokorra norabide horretan kokatzen du. Krisiari, erasoei erantzuteko greba izango da, baina ez da erantzuteko tresna hutsa izango. Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomikoaren aldeko bidean urratsa izango da. Jendarte eredua aldatzea helburu duen estrategia soberanista hori abiarazteko greba orokorra izatea nahi dugu.

Amaitzeko, datorren irailaren 26an hitzordu garrantzitsua dugula eta aurretik deitzen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Euskal Herriak beste behin Madriletik datozen inposaketei AURRE EGINGO DIE eta egun horretan, irailaren 26an langileok GREBA egingo dugu.