Gorka Knörr. Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia
Aberri Egunaren ospakizuna gerturatu ahala, beti esan ohi dugu urtengoa guztiz ingurumari politiko desberdin batean kokatu behar dela, nahasia eta arazoez betea, gehienetan. Izan ere, euskal politikaren eszenatokia arras aldakorra baita, teatro batean egiten den obra kasik egunero aldatzen ibiliko bailiren.

Hala ere, obra -hau da, ingurumari politikoa, berez aldakorra-, maiz aldatzen bada, koiuntura politikoaren azpian dagoen arazoak bere horretan dirau. Euskaldunak, urteak joan eta urteak etorri, geure eskubideen jabe izateko aurrerako pausoak eman baditugu ere, oraindik ez baikara gauza izan erabateko burujabetza eskuratzeko. Are gehiago: abertzaleon indarrak minimo batzuen inguruan biltzeko ere ez gara kapaz izan.

Gure etsai politikoen erasoa inoiz baino lotsagabeagoa dela esan daiteke. Baina ez berria, lehengo lepotik baitu burua. Berriro ere etorri dira orain 6 urte etorri ziren bide bertsutik, orduan ere HB legez kanpo uzteko ahaleginetan ibili baitziren, eta urtebete geroago Egin egunkaria itxi egin baitzuten. Hala ere, egoera hartan, kapaz izan ginen, Irlandako eredua hartu eta elkarrizketaren bidea jorratuz, Lizarrako Deklarazioa izenpetzeko.

Bagenekien ez zela samurra izango. Eta hala ere, etsaiak, PSOEren ahulezia aprobetxatuz, Lizarraren lau zutabe nagusiak (ETA-Estatuarekiko elkarrizketa, alderdien arteko harremanak, biktima guztien aitormena eta presoen egoerarekiko kezka) ezabatzera zuzen- zuzenean jo zuenean, ETAk bere kabuz armetara itzuli eta gure asmo eta amets guztiak birrindu egin zituen. Eta horretan dirau, Lizarrako Foroak hartutako erabakiei -EHk berak sinatu zituenak- jarramonik egin gabe, eta gure herriaren ahotsa eta erabakia zapuztuz.

Batasuna legez kanpo dagoen Aberri Egun honek, beraz, batere gustuko ez dugun obra bat ezarri du gure politikaren teatro kaxkarrean. Ni segur naiz Europako Auzitegiak bertan behera utziko duela ilegalizazio hori. Baliteke, ordea, bestelako erabaki bat hartzea, Europako Batsunean, ETAren eraso bortitz eta zentzugabeak ez baitu batere laguntzen, erabaki horiek giro normal batean hartuak izan daitezen. Hala ere, zer egin, Europan ilegalizazioa bertan behera uzten ez den bitartean?

Eman dezagun bi edo hiru urte luzatzen dela prozesoa. Hori gauzatu bitartean, abstenitu behar ote dugu euskaldun abertzaleok? ETAk hainbestetan proposatu bezala, Espainiak eta Frantziak gure eskubide guztiak onartu artean aurrerako pausorik eman gabe gelditu behar ote dugu? Ez dut uste, batez ere abertzaleen gehiengo ezin zabalago batek ez baitu indarkeria onartzen, ez ETArena, ez beste inorena.

Egon badago irtenbiderik, batez ere irtenbidea bilatu nahi baldin bada. Lizarrako Foroaren 2000ko otsailaren 11ko deklarazioa, kasu. Eta orduan espainiar nazionalismoak ez luke inolako aitzakiarik izango, ez alderdi bat legez kanpo uzteko, ezta periodiko bat ixteko ere. Baina, hori bai, horrek suposatuko luke ETAri nola edo hala ezetz esatea, eta azken erabakia gure herritarrengan uztea. Bilatu dezagun forma, bada, eta jar gaitezen lanera, Euskadik horixe behar duelako. Aurtengo apirilaren 20an ez ezik, egunero dugulako Aberri Eguna.

Jatorria: Gorka Knörr