“Alderdiari, osasuna; abertzaletasunari, batasuna, eta aberriari oinarri politiko berriak ezartzen lan egin dut”

“Egonkortze prozesuan dagoen proiektu subiranista garatzen laguntzeko” utzi du Pello Urizarrek Eusko Alkartasunako Idazkaritza Nagusia, gaur goizean, Donostiako egoitzan emandako prentsaurrean azaldu duenez. Pertsonalean ziklo baten amaiera dela ere adierazi du Urizarrek, “baina ez Eusko Alkartasunaren ibilbide politikoarena”. Nazio Batzorde Eragilearen zuzendaritzan egon den hamarkadan “alderdiari, osasuna; abertzaletasunari, batasuna, eta aberriari oinarri politiko berriak ezartzen” lan egin duela azpimarratu du bere agurrean.

Azken hamar urtetako irakurketa politikoa egin du Urizarrek, 2009an “bortxazko gatazkak bizirik” zirauela gogoratuta, “Espainiar estatuak bide polizial eta judizialak erabiliz euskal politika, kulturgintza eta euskara bera erausi nahi zituen; Estatutu politiko berriaren gaineko kontsultaren inguruan sortu ziren ilusioak zapuztu zizkiguten, eta erakunde nagusietan euskal gizartearen isla ez zen ordezkaritza zegoen”. Erantzukizunez lan eginda, 2011an Bildu sortu zen, “indar subiranisten metaketa, bide demokratiko hutsen borroka eta, gizarte justu eta zoriontsu baterako”.

Ahalegin horren ondorioz, gaur “Euskal Herria Bildu den errealitate politiko eta soziala egonkortuta”, esku berriak behar dituela uste du idazkari nagusi kargua utzi duen Urizarrek eta lasai erretiratu daitekeela uste du “justizia soziala eta bizitza duinak eztabaida politikoaren erdigunean jartzea; ETAren armak behin betiko desagertzea; Ipar Euskal Herriak bere izaera propioa adierazten dion erakundea eratzea; Europan autodeterminazio eskubidea Estatu gabeko nazioei onartzea; Nafarroak bere buruari harro begiratzea” lortuta.

Dena ez dago egina, dena den: “Lorpen horietako askok lanketa sakona behar dute, baina hori hurrengoei dagokie; ate joka datorren belaunaldi politikoari”. Hurrengo idazkari nagusia primaria bidez hautatuko dela aurreratu du Urizarrek, zehaztasunak aurrerago emango direla esanda.

Gaurko prentsaurrea eta gero, militantzia soilera bueltatuko dela adierazi du idazkari nagusi izandakoak, “Idazkaritza Nagusiaren ardura hartu aurretik 23 urtez egin bezala”. Agur bezala, “ondo eginak gogoan hartzeko eta gaizki eginak barkatzeko” eskaria egin du Urizarrek.

Hemen, Pello Urizarrek egindako hitzartze osoa:

2009an hasitako bideari amaiera emateko ordua heldu zait. Beti pentsatu izan dut eginkizun guztietan zikloak daudela eta osasuntsua dela ardura guztietan eraberritzeak ematea. Inork ez du balio gauza guztietarako eta are gutxiago betirako. Esperientzia ziklo bakoitza gogoak jaiotzen du, indarrak mantendu eta jakinduriak itxi.

Niri dagokidanez, Eusko Alkartasunako Idazkaritza Nagusia utzi dut, egonkortze prozesuan dagoen proiektu subiranista garatzen laguntzeko. Orain arte egin behar nuena egin dut, 10 urtetan zehar, ilusioz eta arduraz, alderdiari osasuna, abertzaletasunari batasuna eta aberriari oinarri politiko berriak ezartzen ahalegindu naiz. Garaiek eta gertaerek erakusten dute bakoitzaren neurria, eta gertaera asko bizi izan ditut 10 urteotan, eta garai berria irekitzen den honetan, jende, ikusmolde eta bizipen freskoak behar direla sinetsita nago.

Urte asko daramat Eusko Alkartasunan. Gazte Abertzaleaken hasi, zinegotzi gero, eta Idazkari Nagusi azken urte hauetan. Ibilbide luze horretan bidaide asko izan ditut; etapa bakoitzean lagun eta arerio politiko ezberdinak izanik, baina eremu politikoa eta pertsonala desberdintzen ahalegindu naiz.

Niri dagokidanez ziklo baten amaiera heldu da gaur, baina ez Eusko Alkartasunaren ibilbide politikoarena. Bide hau ez nuen nik hasi. Ni baino lehenago egon dira herrigintzan, kulturgintzan eta politikagintzan orokorrean maisuak, bakezaletasunaren ikurrak eta abertzale zintzoak. Horien guztien bidea jarraitu dut nik 10 urteotan, eta bada garaia lekukoa pasatzeko.

Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi izendatu nindutenean, bortxazko gatazkak bizirik zirauen. Espainiar estatuak bide polizial eta judizialak erabiliz euskal politika, kulturgintza eta euskara bera erausi nahi zituen. Estatutu politiko berriaren gaineko kontsultaren inguruan sortu ziren ilusioak zapuztu zizkiguten, eta erakunde nagusietan euskal gizartearen isla ez zen ordezkaritza zegoen.

Baina zailtasunak ez gaitu inoiz beldurtu. Hare gehiago, erantzukizunez ekin genion garai zail horri eta, proiektu politiko orokorra erditu genuen 2011an; Bildu. Indar subiranisten metaketa, bide demokratiko hutsen borroka eta, gizarte justu eta zoriontsu baterako elkarlan herrikoia eta instituzionala. Gure bihotz eta buruak, esku eta gogoak jarri genituen ezberdinen arteko mugimendu hori hauspotzen. Gaur, Euskal Herria Bildu den errealitate politiko eta soziala egonkortuta, esku berriak behar dituela deritzot bultz egiten jarraitzeko, horregatik lehen lerrotik erretiratzen naiz.

Eta erretiratzen naiz pozik. Lortu dugulako justizia soziala eta bizitza duinak eztabaida politikoaren erdigunean jartzea. Lortu dugulako ETAren armak behin betiko desagertzea. Lortu dugulako Ipar Euskal Herriak bere izaera propioa adierazten dion erakundea eratzea. Lortu dugu Europan autodeterminazio eskubidea Estatu gabeko nazioei onartzea. Lortu dugu Nafarroak bere buruari harro begiratzea, lozorrotik esnatuta.

Oraindik lorpen horietako askok lanketa sakona behar dute, baina hori hurrengoei dagokie; ate joka datorren belaunaldi politikoari. Demokrazia exijitzen duen belaunaldiari, Euskaraz bizi nahi duen belaunaldiari, batasun politikoan sinisten duen belaunaldiari, Martxoak 8ko uholdeen belaunaldiari, aniztasuna gizalege duen belaunaldiari… Hori baita politikari izatea; Ikusi, ikasi, egin, irakatsi eta lekukoa pasa.

Lekukoa pasatzeko primaria bidezko prozesua martxan jarriko da hurrengo asteetan, Idazkari Nagusi berria aukeratu dezan Eusko Alkartasunako afiliazioak. Horren inguruko informazioa helaraziko dizuete, baina ez nik, eta ez gaur.

Niri, militantzia soilera bueltatzeko unea heldu zait, Idazkaritza Nagusiaren ardura hartu aurretik ere 23 urtetan egin nuen moduan. Euskal Herri aske eta justuago bat eraikitzeko aukera asko dauzkagu inguruan eta ziur nago bat egingo dugula bidean.

Ongi eginak gogoan hartzeko eta gaizki eginak barkatzeko eskariaz agurtzen zaituztet.