Gaur Eusko Alkartasunako idazkari nagusi gisa nago hemen, Begoña Landa Nazio Batzarreko presidentearekin eta Andoni Iriondo Gazte Abertzaleakeko Idazkari Nagusiarekin batera.

Gaurko hau nire lehenengo agerraldi publikoa da hautagaitza aurkezteko erabakia iragarri nuenetik. Primarien prozesuan zehar isilik egon naiz, alderdiari eta alderdikide guztiei diedan begiruneagatik eta guztion artean erabaki eta onartu genituen joko-arauei diedan errespetuagatik. Zarata gehiegi egon da eta nire esku zegoena egiten saiatu naiz, giroa are gehiago ez gaiztotzeko. Uste dut hori dela benetan arduraz jokatzea.

Aitortu behar dut behin baino gehiagotan zaila, oso zaila, izan dela isilik geratzea. Nire burutik pasatu ere ez diren asmoak leporatu dizkidate publikoki; gezurrak eta irainak, pertsonalak batzuetan, pairatu behar izan ditut komunikabideetan zein sare sozialetan, ni neu baino gehiago gu guztion alderdiaren irudia larriki kaltetu dutenak; eta argi eta ozen esan nahi dut, etikoki onartezina izateaz gain, gezur eta irainen bitartez ezinezkoa dela ezer eraikitzea, ezinezkoa dela Eusko Alkartasuna indartzea.

Aitortu nahi dut, baita ere, kargua bozketa baten ostean hartzea gustatuko litzaidakela. Primariak bozketa baten bidez erabakitzea da buruan neukana hautagaitza aurkeztea erabaki nuenean, eta horretarako bete nituen, zorrotz bete ere, gure araudiek eskatzen dituzten baldintza guztiak, herrialde guztietan. Horrelako prozesuetan beti izaten da aberasgarria hautagai bat baino gehiago egotea, baina, tamalez, baldintzak bete dituen hautagai bakarra izan naiz.

Jabetzen naiz horrek hautsak harrotu dituela alderdi barruan, eta ez dut ukatzen, ilusioarekin batera, kezka handia ere badudala, prozesua nolakoa izan den ikusita. Hemendik aurrera, idazkari nagusi bezala nire buruari jartzen diodan lehenengo obligazioak kezka hori du oinarri. Nire lehenengo helburua prozesu honetan zehar hautsi diren konfiantzak eta harreman politikoak berriro jostea izango da, zerbait argi eta garbi baldin badago, honako hau delako: guzti-guztiok gara beharrezkoak Eusko Alkartasuna indartzeko.

Zatiketak ahuldu egiten gaitu. Hori ondo baino hobeto ikasi genuen gure alderdian duela urte batzuk, eta nik ez dut EA ahul bat nahi. Nik EA indartsu eta sendo bat nahi dut, hori da nire helburu bakarra, urrats hau ematera mugitu nauena, benetan uste dudalako EA osatzen dugun emakume eta gizon guztiok kapital politiko eta pertsonal itzela dugula eta, beraz, Euskal Herriari maila eta arlo guztietan ekarpen garrantzitsuak egiteko ditugula. Esaterako, pil-pilean dagoen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko eztabaidan nork esango du guk baino hobeto zein diren irizpide zuzenak, lege hori EAren bultzadari esker onartu baldin bazen?

Ziur nago EA barruan ehuneko ehuna bat datorrela horrekin, konbentzimendu hori dela guzti-guztiok mugiarazten gaituena, eta hala adieraziko diot Maiorga Ramirezi eta Juan Luis Cristobali ere, uste dudalako hori dela guztiok batzen gaituen oinarria zubiak berreraikitzeko eta alderdiaren etorkizuna elkarrekin marrazteko. Jakin badakit azken asteotan gauza asko esan direla, baina nik, EA barruan ez dut inor ezagutzen alderdia desagertzea edo inora urtzea nahi duenik.

Nire exekutibak ez dio etorkizunari begi horiekin begiratzen. Guztiz kontrakoa! EH Bildun eta, oro har, euskal gizarte osoan EAren presentzia, ahotsa, irudia eta eragina indartzea eta bermatzea dugu helburu, azken urteotan, EH Bildu sortu genuenetik, beti egin dugun ildotik. Harro esan dezakegu 2009an hartu genuen bidetik lortu dugula EAren printzipio fundazionalak inoiz baino indartsuago egotea gure herrian: Giza Eskubideen defentsa, Justizia Soziala eta Independentzia.

Etorkizuna ere bide horretatik dator, eta Eusko Alkartasuna osatzen dugun guztioi dagokigu EH Bilduren baitan etorkizun hori eraikitzea. Estatu espainoleko egoerak hala eskatzen du gainera. Euskal Herrian hainbeste kostatu zaizkigun oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoak arrisku larrian daude, Madrilen joera ultrak eta zentralizatzeileak gero eta arro eta agerikoak direlako. Kataluniako ispiluari begiratzea baino ez da behar ikusteko Espainian, Franco hobitik atera duten arren, frankismoak bizirik dirauela, eta faxismoaren mehatxuari aurre egiteko beharrezkoa dugu oinarri errepublikatzaile, solidario eta zabala ezartzea gizartean, Eusko Alkartasunak beti egin duen moduan, EH Bilduk tinko egiten duen moduan.
Eba prentsaurre1a
Eta oinarri horiek Europara ere hedatu ditugu. Egun, EAkide bat buru duen Aliantza Libre Europarra alderdi politikoak estaturik gabeko nazioak batzen ditu, Herrien Europa aldarrikatuz, autodeterminazioaren garaia dela ozen esanez Europar Parlamentuan, eta erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa dela argituz. Horiek dira gure helburuak, Euskal Herriko auzo txikienetik eta Europako bihotzeraino.

Hogeita hamahiru urte daramatzagu elkartasuna lantzen, bakegintza defendatzen, subirautza politikoaren aldeko urratsak ematen eta justizia soziala bermatuko duten neurriak ezartzen. Eta nire asmoa da beste 33 urte behintzat horretan ematea alderdi honetako emakume eta gizonok.