Martin Aranburu. Legebiltzarkidea

Aspaldian idatzitako artikulu batean irailean hasi genuen ikasturte politikoaren garrantziaz aritu nintzen, besteak beste, alderdi abertzale denek beren biltzarrak egin behar zituztelako. Lehendabiziko gogoeta bat egin nahi nuke EAren biltzarraz mintzatu baino lehen, izan ere, hurrengo hilabeteetan zeresan nabarmena izango duten alderdiek ildo politikoaren eta zuzendaritza taldeen gaineko erabakia hartuta izatea positiboa dela uste baitut. Politikan erronka handiak datozkio Euskal Herriari, eta ezinbestekoa izango da gure herriko eragile desberdinek erabaki ausartak eta zailak hartzea, eta jakina da alderdietako zuzendariek ausardia politiko gehiago izango dutela baldin eta barne aldaketa prozesu bati aurre egin behar ez badiote.

Gaiari lotuz, EAren biltzarrak ondorio positibo batzuk utzi ditu agerian. Positiboenetarikoa amaieran agerturiko gonbidatuek botatako mezua: batasuna. Sindikatu eta politika eragileek, Biltzarraren leloari eutsiz («Lortuko dugu»), planteamendu abertzaleen arteko batasunaren aldeko aldarrikapena egin zuten, beharrezkotzat, premiazkotzat eta ezinbestekotzat joz. Agertoki politiko berri batera heldu ahal izateko ezinbesteko baldintzaren konstatazioa da: eragile desberdinek bat egiten dute helburu hori lortzearen borondatean.

Beste alderdi positibo bat txostenaren debatea izan zen. Bakarra zen txostena, bertan gizarte eta politika aspektu desberdinak biltzen ziren, eta aurkeztutako emendakinen ondorioz kuantitatiboki denbora gehiago eskaini zitzaion sozialdemokrazia eta ezkerraren debateari eraman beharreko ildo politikoari baino. Adostasun handia zegoen ildo politikoan, eta debate luzeena sozialdemokraziaz eta gizarte politikaz izan zen, besteak beste, aurkeztutako zuzenketek kopuru handiena gizarte aspektu horiek debatitu nahi zituztelako. Militanteen zuzenketak alderdiaren preokupazioaren isla baino ez dira, eta era berean, alderdi hori osatzen duten kideen nortasunaren eta preokupazioen froga.

Ezin ahaztu publikoa izan den tirabira: zuzendaritza politikokorako bi zerrendak, batetik, eta zerrenda bakoitzean aurkeztutako kargu publikoak, bestetik. Gertatzen dena gertatzen dela ere, oso garbi dut honakoa: barne arazorik ez duen alderdirik ez dago Euskal Herrian, eta arazorik gabeko gizatalderik ez da inon. EA horren isla bat baino ez da. Bi zerrenda zeuden aukeran eta isilpeko bozketa demokratiko baten bidez alderdiko kideek aukera zehatz bat egin zuten. Eman diezaiogun guztion artean garrantzia benetan arduratu behar gaituen puntuari: EAk herri honen askatasunaren aldeko beste eragile bat izaten jarraitu behar du, guztion artean geroz eta independentista gehiago bil ditzagun gu guztion, eta beraz, Euskal Herriaren zerbitzura. -
Jatorria: Martin Aranburu