Unai Ziarreta, EAko presidentea eta lehendakari hautagaia Unai Ziarreta EAko Bizkaiko zerrendaburuak eta lehendakarigaiak bere gain hartu du «euskal gizarteak behar duen aldaketaren ardura». Subiranotasunaren Lege bat defendatu du krisiari eta etorkizunari aurre egiteko berezko tresna gisa. Ezinbestekoa iruditzen zaio gehiengoaren nahia errespetatzea eta errespetaraztea. EAri bozkatzea eraginkorra izanen dela azpimarratu du.

Unai Ziarreta EAko Bizkaiko zerrendaburuak eta lehendakarigaiak bere gain hartu du «euskal gizarteak behar duen aldaketaren ardura». Subiranotasunaren Lege bat defendatu du krisiari eta etorkizunari aurre egiteko berezko tresna gisa. Ezinbestekoa iruditzen zaio gehiengoaren nahia errespetatzea eta errespetaraztea. EAri bozkatzea eraginkorra izanen dela azpimarratu du.

Gasteizen izan da, Rafa Larreina Arabako zerrendaburuarekin batera. Ziurtatu du EAren botoa baliagarria izanen dela bakea eta normalizazioa oinarri izanen dituen esparru politiko berri bat lortzeko. «Euskadin gauzek ezin dute horrela jarraitu». Horrela dio EAko presidenteak. Hitzeman du irtenbideak bilatzen arriskatuko dela. EAJ, PSE-EE eta PPren kontrakoa eginen du, haren ustez, lehenak nahiago duelako «erosotasuna arriskua baino», eta bertze biek ez dutelako «ezer aldatu nahi, ongi daudelako Espainiaren ideia inposatzen».

Horren harira abisatu du, EAJren eta PSE-EEren arteko polarizazioa gezurra dela. Bozeramaileei erran die, ironikoki, EAJ ez dela hautsontzietan egonen den abertzaleen aukera bakarra. «Bistan da boto eraginkorra dela EAJrena, Eusko Legebiltzarrean Espainiako bandera jartzeko, gure iritzia emateko eta kontsultatuak izateko debekatzen gaituen esparruari men egiteko, PSE-EErekin hitzarmenak egiteko, eta azken batean Espainiaren batasuna bermatzeko». Argi utzi nahi izan du EAJn ez duela Ibarretxek agintzen, haren ustez, baizik eta Urkulluk eta Jose Luis Bilbaok. «Ibarretxeri botoa ematea Urkulluren politika bozkatzea da».

Krisia lehen helburu

EAk proposatzen duen Subiranotasunaren Legeak krisiari hobeto aurre egiteko balioko du, dioenez. Enplegua babesteko azpiegituretan inbertsioa emendatzea defendatu du. Eusko Jaurlaritzak «arazorik gabe» egiten ahalko luke zor publikoa erabiliz, haren ustez.

Ongizate mailari eusteko eta hura hobetzeko hitza ere eman du. Horretarako, ezinbestekoa ikusten du gastu soziala garatzea «elkartasunezko zerga politika aurrerakoi baten» bidez. Bermatu beharko luke «gehiago daukatenek» gehiago emanen luketela herri diru-kutxetan, eta ez kontrakoa. Oroitarazi du Araban eta Bizkaian EAJk eta PSE-EEk ondasunen zerga kendu zutela; baina ez, ordea, Gipuzkoan, haren alderdiak kontra egin zuelako.

PDF: Ikusi PDFa
Lotura: Albistea Berri egunkarian
Jatorria: EA/Berria