Jesus Mari Larrazabalek EHUn ikasteko presoen eskubidea aldarrikatu du eta espetxe-politikaren transferentzia eskatu du

Eusko Alkartasunak legez besteko hiru proposamen aurkeztu ditu gaur prentsaurreko batean Eusko Legebiltzarrean, hirurek helburu berberak dituztela: euskal presoen eskubideak errespetatu eta praktikan gauzatzea, kartzelan dituzten bizi-baldintzak duintzea eta euren bergizarteratzea erraztea. Sakabanaketa-politika bertan behera uztea exijitu, EHUn ikasteko presoen eskubidea aldarrikatu eta, Gernikako Estatutuak dioenari jarraiki, espetxe-politikari dagokion eskuduntzaren transferentzia eskatzen du EAk ekimen hauetan.
Jesus Mari Larrazabalek presoek zigorra euren gizarte eta familiako ingurunean betetzeko eskubidea dutela nabarmendu du, Espetxeen Lege Organiko Orokorrak, bergizarteratzea erraztearren, adierazten duenez. Ildo honi jarraituz Amnesty International bezalako erakundeek eginiko eskakizunak gogora ekarri ditu EAko agintariak, eta sakabanaketaren amaiera exijitu du “gure herrian bizikidetzarako funtsezko elementua delako eta normalizazio politikorako eragin positiboa izango duelako”. Halaber, legebiltzarkide abertzaleak gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten presoen askatasuna eskatu du, bai eta Zigor Kodearen aldaketa ere, kartzela-zigorra 40 urtez luzatzea ahalbidetzen duen artikulua bertan behera uzteko, “hori azken batean bizi osorako zigorra delako”.
EAk presoek EHUn ikasteko eskubidea dutela aldarrikatzen du eta horregatik Unibertsitate Publikoak eta Espetxeen Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen bat sina dezatela eskatzen du, Legebiltzarrak iraganean onarturiko beste adierazpen batzuei jarraituz. Hala ere, Larrazabalek gogorarazi duenez, PSEk berak ere eskakizun horrekin bat egin arren, hori ez da orain arte ezertan gauzatu. EAko ordezkariak espainiar Gobernuaren kontraesanak ere agerian utzi ditu; izan ere, presoek euskal zentroetan Lanbide Heziketako ikasketak egiteko aukera dute, baina ez, ordea, EHUn. “Lanbide Heziketako zentroetan bai, eta EHUn ez? Zergatik ez?”, galdetu du Larrazabalek. Bere iritziz, PSE ere kontraesanean eroriko da EAren proposamen honekin bat egiten ez badu, EA egun Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua den Isabel Celaak ere duela urte gutxi Legebiltzarrean PSEren izenean defendatzen zuen gauza bera planteatzen ari delako.
EAren hirugarren proposamenak Gernikako Estatutua bete dadila eskatzen du eta, beraz, espainiar Gobernuak espetxe-politikari buruzko eskuduntzari dagozkion baliabideak lehenbailehen transferitu ditzala. “Espainiar espetxe-sistema ez da batere eredugarria Europa demokratikoan”, salatu du Larrazabalek, eta “Madrilen esaten dioten edozein gauza ontzat ematzeko prest” egotea egotzi dio Patxi Lopez lehendakariari, horrek Estatutuak jasotzen dituen eskuduntzei uko egitea dakarren arren. “200 urte igarota ere, horrela inoiz ez da Estatutua beteko”, amaitu du EAko legebiltzarkideak.

Jatorria: Eusko Alkartasuna