EA, Ezker Abertzalea eta Alternatiba Euskal Herria Ezkerretik akordioaren sinatzaileek bat egin dute EHEk ‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!’ lelopean egindako deialdiarekin.

2011 urtean, euskarak kinka larrian jarraitzen du. Zenbait arlotan aurrerapauso handiak eman badira ere, kasu gehienetan herrigintzari esker, oraindik orain euskara Euskal Herrian egoera minorizatuan dago eta eremu eta esparru askotan bere presentzia hutsaren hurrengoa da.

Euskarak hiru errealitate administratibo ezagutzen ditu eta beste horrenbeste politika. Euskara egundaino ez da ofiziala Euskal Herri osoan eta hortaz oraindik ez ditu ezta gutxieneko minimoak ezta tresnak onarturik bere normalizazio osoa gauzatzeko eta lortzeko.

Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta Ezker Abertzaleak aldaketa defendatzen dugu, baita euskararen estatusari begira. Aldaketa politiko eta soziala, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gauzatzeko eta hori lortzeko lanean eta bidean tinko jarraituko dugu, Euskal Herria euskalduna ezkerretik eraikitzen.

Gaur inoiz baino gehiago Euskal Herria Ezkerretik akordioa izenpetzen dugun indar politikook euskararen erabateko normalizazioaren aldeko gure konpromiso irmoa berresten dugu. Horregatik, “Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!” lelopean egingo den manifestaziora joateko deia luzatzen diogu euskal gizarteari.

Jatorria: Eusko Alkartasuna