“Euskal gizartearen sektore guztien konpromiso kolektiboa” eskatzen du EAk “elkarbizitza normalizatua lortzeko”

Eusko Alkartasunak bart Lekeition izandako gertaera larriak irmoki gaitzesten ditu; izan ere, zaurituak eta atxilotuak utzi dituzten istiluek, batzoki baten kontrako erasoak eta autoen zein kontenedoreen erretzeak barne, beldurra eta arrisku egoera larria eragin dute herrian. Hau dela eta, EAk bere elkartasuna eta laguntza eskaini nahi die afektatu guztiei.

EAren iritziz, kaltetuenak Lekeitioko biztanleak izan dira, bai eta bertako jaiak modu baketsuan ospatzera joandako guztiak ere; beraz, pertsonen segurtasuna arrisku larrian jartzen dituzten mota honetako istiluak ezin dira inolaz ere errepikatu.

Euskal Herriko hainbat lekutan bizi den tentsioa eta giro politiko beroa moteltzeko eskatzen du EAk, horrek elkarbizitza zapuzten baitu. Egoera horren aurrean, ardura politikoak ditugunok erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatu behar dugu, ongizate orokorra defendatzeko eta babesteko, herritarren segurtasuna bermatzeko eta jaien garapen normalizatua ahalbidetzeko.

Azkenik, EAk “euskal gizartearen sektore guztien konpromiso kolektiboa eskatzen du elkarbizitza normalizatua lortu eta Euskal Herri osoan jaiak bakean ospatu ahal izateko”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna