Pello Urizar EAk oinarri demokratikoak eta baketsuak izan behar dituen independentisten arteko elkarlanaren aldeko apustua egiten duela berretsi du idazkari nagusiak, ezker abertzalea ere bide horretan ikusten du eta egungo egoera aldatzea nahi ez duten alderdien presioak salatu ditu.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ordezkari politiko batzuk egiten ari diren “espekulazio interesatuak” gaitzetsi ditu, eta 2011ko hauteskundeetan EAk ezker abertzaleari bere siglak utzi diezaizkiola ukatu du gainera. EAko buruzagiak indar independentisten elkarlanaren aldeko apustua berretsi du, bide politikoak eta baketsuak bakarrik erabiliz gero. Bere iritziz, espekulazio horien jatorrian zera dago, “alderdi batzuek ez dutela egungo egoera aldatzea nahi eta horregatik formula ezberdinak erabiltzen ari dira EA presionatzeko”.
EAko idazkari nagusiak argi du “bide bakarrak politikoa eta baketsua izan behar duela eta amore emateko prest egon behar dugula, alderdi independiente bezala interesatzen zaizkigun gauza asko alde batera utzi behar ditugula gutxienezko akordioa lortzeko”. EAk duela hilabete asko egin zuen apustu hau eta orain beste alderdiei dagokie beren gogoeta egitea, mesfidantzak gainditzeko eta konpromisoak hartzeko borondatea zehazteko.

“EAren apustua estrategikoa eta epe luzerakoa da, ez gara hauteskunde batzuetan edo besteetan pentsatzen ari”, azaldu du Urizarrek, “bakarrik horrelako apustu batekin lortuko dugulako egungo egoerari buelta ematea”. Ildo horri jarraituz, buruzagi independentistak ETAren desagerpena eskatu du, horrek lan komun hori asko erraztuko lukeelako. Dena dela, “ezker abertzaleari dagokio bide politikoa egitea, ETAren erabakia bata ala bestea izan”; eta zentzu horretan, bere aburuz, “ekimena ezker abertzale politikoak darama gaur egun”.

Apustu horren ondorioei begira, Urizarrek kezkaz ikusten du EAren siglak Garzonen autoetan agertzea, baina, hala ere, “bideak politikoak eta baketsuak bakarrik baldin badira, ahaleginak egiteak merezi du”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna