Talde gehiagok bat egingo dute larunbatean Gernikako Akordioarekin, hori baita bide-orria behin betiko bakea eta benetako demokrazia lortzeko. Ekitaldia 17.30etan hasiko da, Atano III pilotalekuan.

Bost hilabete igaro dira jada 30 eragile politiko, sindikal eta sozial inguruk Euskal Herrian ireki den prozesu politikoaren sendotzearekiko konpromisoa adierazi genuenetik, “Bake Bidean: Aterabide Demokratikoen Akordioa”, Gernikako Akordioa, alegia, sinatu genuenetik.

Agiri horrek erakusten duen bezala, lan esparru ezberdinak eta ibilbide ezberdinak ditugun eragileok desadostasunak gainditzen eta komunean duguna lehenesten ahalegindu gara, gure herriaren etorkizuna zehaztuko duen une historiko honi arduraz erantzuteko, indarkeriaren behin betiko desagerpenera eta normalizazio politikora daraman bidea, urratsez urrats, betetzeko; labur esanda, egoera bat non pertsona guztien giza eskubideak, zibilak eta politikoak errespetatuak izango diren eta aukera politiko guztiek berdintasun-baldintzetan aurkeztu ahal izango diren.

Azkeneko bost hilabeteotan, euskal egoera politikoak aurrera egin du gertaera garrantzitsu batzuei esker, hala nola, ETAk irailean iragarritako eta urtarrilean berretsitako su-eten deklarazioa, zenbait alderdik eta erakundek prozesuarekiko jarrera argitzeko egindako mugimenduak eta, batez ere, euskal gizartearen inplikazioa, agertoki politiko berriaren alde egiteko eskatu zaion bakoitzean, kalera atera baita, masiboki eta modu eredugarrian, pasa den larunbatean bezala.

Gernikako Akordioa bide-orria da behin betiko bakea eta benetako demokrazia lortzeko. Bide-orri hori euskal gizartearen gehiengoak bere egiten dituen oinarri eta helburuetan datza, eta gizarte osoari, pertsona guztiei, hedatu behar zaie. Gernikako Akordioaren oinarriak honako hauek dira: bakea eta giza eskubide guztiak, eskubide zibil, sozial eta politiko guztiak, pertsona guztientzat, presoentzat ere bai.

Bost hilabete hauetan Gernikako Akordioak bere helburuak bete ditu: akordioa bera, horren aurkezpena gizartearen aurrean eta hazkundea.

Agiriaren sozializazioa, gizarteari ezagutaraztea, bere ekarpenak, ideiak eta kezkak jaso ahal izateko, gure lehentasuna izan da hasieratik, jakin badakigulako proposatzen ari garena bezalako prozesu bat posible izango dela bakarrik jendeak aktiboki parte hartzen badu.

Sozializazioa eta gizartearen inplikazioa izan dira hirugarren fasea, hazkundea, hain zuzen ere, burutzeko aukera eman digutenak. Datorren larunbatean, hilak 26, Donostiako Atano pilota-lekuan ekitaldi nazionala egingo dugu, arratsaldeko 5.30etan, akordioaren sinatzaile berriei ongietorria emateko.

Fase hori amaituta, Gernikako Akordioa Euskal Herriko hiri, herri eta auzo guztietara zabaldu duen fasea amaituta, eta sinatzaile berrien indarrak baliatuz, behin betiko faseari ekingo diogu: akordioak betetzeari dagokiona, alegia. Akordioaren oinarriak praktikara eraman nahi ditugu, euskal gizartearen eskakizun argiak direlako.

Jatorria: Eusko Alkartasuna