Rafael Larreina EAko Eusko Legebiltzarreko
bozeramaileak gaur esan du Jaime Mayor Oreja PPko eleduna dela Gasteizko Ganberako
oposizioaren burua eta PSE-EEko eta Batasunako ordezko bi bozeramaile ‘eraginkor’
dituela gaineratu du.
ETBri eskainitako adierazpenetan,
Larreinak dei egin dio Eusko Legebiltzarrean oposizioa osatzen duten PP, PSE-EE
eta Batasuna taldeen gogoetari, datorren hilaren 23ko Eusal Autonomia Erkidegoko
(EAE) aurrekontuen inguruko osoko bilkuran izango duten jarrera argi dezaten.

Aipatu hiru alderdiek Gasteizko
Ganberan mantentzen duten blokeo jarrera eta, Exekutibo autonomoaren kontu publikoak
onartzea ez ahalbidetzeaz gain, alternatibarik ez aurkeztea kritikatu du buruzagi
abertzaleak.
‘Nik uste dut gogoeta sakona
izan behar dela oposizioko talde guztietan. PP eroso dago bere estrategian,
Mayor Oreja Eusko Legebiltzarreko oposizioko buru izaten jarraitzen du, eta
ordezko bi eledun oso eraginkor ditu, PSEkoa eta Batasunakoa’, errepikatu
du.
Bere iritziz, gogoeta EAEko
sozialisten baitan gertatu behar da nagusiki, ‘Eusko Legebiltzarrean zer
egiten duten, zertan jokatzen ari diren eta zer sustatzen ari diren’ eztabaidatu
behar baitute. Gainera, galdera horiek Batasunak bere buruari egin behar dizkiola
adierazi du.

Jatorria: Eusko Alkartasuna