Pello Urizar: “Zerga politika funtsezkoa da krisi ekonomikoa Ongizate Estatua desegin gabe gainditu ahal izateko”.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak EAk erakunde guztietan erreforma fiskalaren beharra defendatuko duela iragarri du, azken urteotan murriztutako zerga tipoak berriz ere igotzeko. EAk ez ditu krisiaren aurkako Rodriguez Zapateroren neurriak babestuko ez Eusko Legebiltzarrean, ez aldundietan, ez batzar nagusietan, ez udaletxeetan.

Urizarrek adierazi duenez, “zerga politika funtsezkoa da krisi ekonomikoa Ongizate Estatua desegin gabe gainditu ahal izateko, eta horixe da espainiar presidenteak iragarritako neurrietan falta dena, Estatuaren diru-sarrerak igo beharra ez baitu aintzat hartu”. Eztabaida hau gehiegi atzeratu da, EAko buruzagiaren iritziz, eta egun ezinbestekoa da, gizartearen eskubideak bermatzeko behar den diru-kopurua kalkulatu behar baita, gero hori ahalbidetzeko zerga politika zehazteko”.

Lehenik eta behin, iruzur fiskalaren kontrako neurriak premiazkoak dira, Urizarren aburuz. Halaber, sistema aurrerakoi baten aldeko apustua egin du, zergen bidez bildutako diru-kopuru osoan lan-errentek duten pisua murrizteko eta kapital-errenten gaineko presioa areagotzeko.

Jatorria: Eusko Alkartasuna