Leire Pinedo eta Marian Beitialarrangoitia El PSEk fortuna handiak zergapetzearen aurka egin du

Gasteizko Parlamentuan atzo zerga politikaz burututako osoko bilkuraren inguruan gogoeta kritikoa egiten du EH Bilduk, eztabaidak agerian utzi zuelako EAJk eta PSEk alderdi interesak lehenetsi dituztela, euskal jendartearen interesen gainetik, Marian Beitialarrangoitiak eta Leire Pinedo EAko buruzagi eta EH Bilduko legebiltzarkideak salatu dutenez. Hauen esanetan, “EAJ eta PSE euren lotsak ezkutatzen saiatu ziren”, eta horretarako Bakartxo Tejeriaren laguntza izan zuten, Legebiltzarreko buruak bere paper instituzionala baztertu eta portaera alderdikoia erakutsi zuelako EH Bilduren proposamenak banan-banan bozkatzeko eskariari ezezkoa eman zionean.

EAJk eta PSEk proposamen horiei guztiei aurkako boza eman zietela gogorarazi ondoren, EH Bilduko legebiltzarkideek nabarmendu dute modu horretan jeltzaleek ezezkoa eman ziotela, esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek zerga politikan burujabetza osoa eskuratzeko aldarrikapenari. PSE, bere aldetik, fortuna handien gaineko zerga ezartzearen aurka azaldu zen, adibidez, Gipuzkoan EH Bildurekin batera hartu duen norabidearen kontra. Izan ere, koalizioak aurkeztu zituen proposamen asko Gipuzkoan PSErekin hitzartutako berberak izan ziren, baina, hala ere, atzokoan PSEk horien kontra egin zuen. “Orain PSEkoek fortuna handien gaineko zerga kentzea proposatuko dute?”, galdetu dute Beitialarrangoitiak eta Pinedok, eta hori argitzeko eskatu ere. “Kontraesan horiek guztiak ezkutatzen saiatu dira, baina ez dute lortu”, ohartarazi dute EH Bilduren ordezkariek.

“EAJk eta PSEk herritarrekiko errespetu falta ikaragarria erakutsi dute, gauza bat esan baina gero beste bat egiten dutelako”, EH Bilduren iritziz. Finean, agerian utzi dute zerga politikari dagokionez bi eredu ezberdin daudela, haiek defendatutakoa, orokorkerietan geratzen dena, eta EH Bilduk Gipuzkoan jada martxan jarri duena. Izan ere, EAJk eta PSEk orokorkeriak baino ez zituzten planteatu eta EH Bilduren proposamen zehatzei ezezkoa eman zieten; euren hitza jan zuten, zerga politikan Legebiltzarraren papera indartu beharra aldarrikatzen zuten arren, protagonismo osoa Batzar Nagusietara pasatu zutelako, atzoko orokorkeriak herrialde bakoitzean zehaztu beharko baitituzte.

Jatorria: Eusko Alkartasuna