Alderdi Jeltzalea noraezean ikusten du EAkoak, eta Ibarretxeren bide orriaren alde egiteko eskatu dio

Hauteskunde emaitzen ondoren, EAJ noraezean dagoela uste du Unai Ziarreta EAren presidenteak. Alderdi Jeltzaleak ez dakiela zein bide hartu dio eta «urduri» dagoela. Kezkatu egin du horrek EAko burua, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak proposatutako bide orria kolokan ikusten duelako. EAJko buruzagiek azken egunotan egindako adierazpenek zer pentsatu eman diote. «Hauteskundeetan jaso dituen emaitza txarren kulpa hartzailea Ibarretxe izan dadila nahi du EAJk», ondorioztatu du. EAJ «bidegurutzean» dagoela dio EAkoak. Aurrera egiteko bi aukera dituela: «Rodriguez Zapaterorekin kataluniar ereduan oinarritutako akordioa egiten saia daiteke hauteskundeen ondorengo egoera deserosoa gainditzeko, edo, bestela, Eusko Jaurlaritzaren bide orriaren aldeko apustua egin dezake, eta hori da Ibarretxe lehendakariaren apustua». Azken bide hori da «balekoa» EAkoaren ustez, «kataluniar erara egindako itunak ez duelako ezer konponduko». «Eusko Jaurlaritza eta euskal alderdi nagusien, eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa» egitearen alde agertu da, beraz, Ziarreta. Eta, akordio horrek, «bi giltzarri» dituela ohartarazi du: «hemen herri bat dagoela eta herri horrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, batetik, eta bestetik, Gernikako Estatutua erabat bete behar dela». Espainiako Gobernuarekin egin beharreko akordioa «blokeatu» egiten bada, «alternatibak» bilatu behar direla dio Ziarretak. «Eta, zer da herriari aurrera nondik egin nahi duen galdetzea baino demokratikoagoa?». Eusko Jaurlaritzak prozedura osoa zehaztuta duela gogoratu, eta oharra plazaratu du: «Orain gakoa ez da bi edo hiru eskumen gehiago ematea edo konpetentzia gehiago izango dituen estatutu berria egitea». Bake eta normalizaziorako bidean aurrera egiteko, zazpi herrialdeetako Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartzea ezinbestekoa dela uste du. Hortaz, edozein akordiok, oinarri horiek jaso behar dituela. aitziber laskibar

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta