Espainiar Gobernuak autogobernua derrigorrez, legeak aginduta, bultzatu behar duela gogorarazi du EAk, eta PSOErekiko aurrekontu negoziazioetatik kanpo uzteko exijitu dio EAJri.

Rodriguez Zapaterok euskal autogobernua bultzatzeko konpromisoa hartuz gero EAJ 2011rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko eta hitzartzeko prest azaldu izana “oso akats larria da”, adierazi du Ikerne Badiolak. EAko Komunikazio idazkariak EAJk “PSOErekin eta espainiar Gobernuarekin dituen harremanetan gure autogobernua trukerako txanpon gisa erabiltzea” egotzi dio Iñigo Urkulluren alderdiari, modu horretan “autogobernua bera debaluatzen ari delako”. Izan ere, “EAJk ontzat hartzen du autogobernuaren garapena Aznarren edo Zapateroren interes koiunturalaren menpe uztea, espainiar Gobernua horretara behartzen duten legeak ahaztuz”, salatu du Badiolak.

Hori dela eta, EAko buruzagiak autogobernua aurrekontu-negoziazioetatik at uzteko exijitu dio EAJri eta, ildo horri jarraituz, EBBko presidenteari zera gogorarazi dio: “Zapaterok euskal autogobernua derrigorrez bultzatu eta garatu behar du, baina ez EAJk 2011ko aurrekontuak babestuko dituelako, Gernikako Estatutuak horrela agintzen duelako baizik”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna