Gasteizko Alkartetxean Eusko Alkartasunako Ejekutiba Nazionalak eta alderdiko barne kargu eta kargu publikoek prentsaurrea eman dute Kataluniako gobernuari egindako erasoaren ondoren sortu den egoera aztertzeko.

Hemen Pello Urizar, idazkari nagusiaren hitzak.

Atzo demokraziaren aurkako eraso berri baten lekuko izan ginen. Kataluniar Govern-eko 8 sailburu gizartearen mandatua betetzeagatik espetxeratuak izan ziren, proiektu politiko bat modu baketsu eta demokratikoan aurrera eramateagatik kartzelara sartu zituzten.

Zoritxarrez, ezaguna dugu Euskal Herrian Carmen Lamela espainiar epailea. Bere epai inola ere neutroa eta guztiz politizatuagatik, 8 gazte ditugu kartzelan, 375 urteko zigor eskaerekin.

Eta zoritxarrez ere, ezaguna dute orain Katalunian. Bere epai inolaz neutroa eta guztiz politizatuagatik bait daude sailburuak eta ANC zein OMNIUNeko presidenteak kartzelan, inolako bermerik gabe.

Luzaro garamatza salatzen Espainian ez dela botere banaketarik.
Luzaro garamatza salatzen Espainian ez dela kultura demokratikoa sustatzen.
Luzaro garamatza salatzen Espainian zuzenbide estatua kimera hutsa dela.

Baina inork ez gintuen entzuten, ETAren eta gatazka bortitzaren mamuak gure ahotsa itotzen zuelako. Ez gara baina inoiz isildu. Eta orain ere, ez gara isilik geratuko kataluniar gizarte demokratiko, bakezale eta askearen aurkako eraso honen aurrean.

Euskal Herrian eta Katalunian gertatzen ari dena aurrekaririk gabeko bahiketa politiko, juridiko eta soziala da, erregimen frankistak marraztutako marko politikoa mantentzeko asmoz.

- Marko honetan, bozkak kontatzen dira, baina ez dira kontuan hartzen.
- Marko honetan, kataluniar zein euskal mugimendu independentistak errotik desagerrarazi behar dira.
- Finean, marko konstituzionala, zeinean, milioka bozka – errepublikazale eta independentistak gehien bat- egun batetik bestera legez kanporatu daitezkeen.

Atzokoa, oso konstituzionala baina inolaz demokratikoa den 155garren artikuluaren fruitua izan zen. Hain ankerra zein ez ziren ausartu 1983ko “23 F” aren osteko neurrien artean ezartzen, edo ETAren bortizkeriari aurre egiteko ere ez. Eta hau guztia Europar Batasunak begiak eta belarriak bertan izanda dabiltza egiten; espainiar errepresioa sakonki ezagutzen duten begi eta belarrien aurrean, ez bait da kasualitatea europar epaitegietan espainiarrak izatea kasu gehienak.

Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista 1978tik dabiltza frankismoaren oinordeko den erregimena mantentzen, eta orain 155. artikuluaren aplikatzaile nagusiak dira.
Hori horrela izanik, oso zaila egiten zaigu ulertzea nolatan EAJk mantentzen dituen alderdi bi hauekin lehentasunezko erlazioak. Ulergaitza egiten zaigu, eta egiten zaio euskal gizartearen zati handi bateri, erabakitzeko eskubidearen aurkari nagusiak diren bi alderdiekin mantentzea EAJk akordio politiko nagusienak.

Enegarren deia egiten diogu EAJri PP eta PSErekin dituen loturak behingoz moztu, eta errepresioaren aurkako eta demokraziaren aldeko blokean ezarri dadin.

Zentzu horretan, uste dugu bihar Bilbon izango den manifestazio nazionala errepresioaren aurkako eta demokraziaren aldeko aldarririk garbiena izango dela, eta ondorioz, dei egiten diogu Euskal Herriko emakume eta gizonei beraien ahotsak batu eta mezu garbi bat botatzera bihar Bilboko kaleetan.

Eusko Alkartasunan inoiz baino argiago dugu Herri baten subirautza aldarrikapena eskubide demokratikoa dela, eta berau zanpatzeko espainiar estatuak erabiltzen duen inposizio eta bortxaren aurrean gu demokraziaren alde izango garela.

Guk badakigu zein den gure aldea; Agirre Lehendakariarena hain zuzen; Gu beti Kataluniarekin, aurrera begira eta askatasunerantz beldur gabe.