Onintza Lasa (EAko komunikazio arduraduna)
Alderdien legea egitasmo zenetik, baita iragan astelehenera arte ere, Eusko Alkartasunan honen aurkako jarrera garbia mantendu eta defendatu dugu. Lege honen onarpenak ikuspegi demokratiko batetik, giza eskubideekiko defentsan atzerapauso itzela suposatzen duela esan dugu, eta honela defendatu dugu. Azken batean, pentsatzeko askatasuna murrizten duelako, ideiak ilegalizatzen direlako, gobernuan daudenekin bat egiten ez bada bederen.
Inolako oinarririk gabe sorturikoa izan da, ad hoc sorturiko legea, berme juridikorik gabekoa, gobernuko alderdiko PP eta jarraitzaile txintxo duen PSOEren estrategian beste pieza baten gisan. Tresna juridikoak egon badaude bai terrorismoa jarraitzeko, bai eta alderdiak arautzeko ere, baina heuren neurriko legea atera dute, aurreko guztiari muzin eginez.

Entzun izan dugu lege honen beharraz indarkeriarekin bukatzeko. Baina, haatik, lege honekin ez da ezer erdiesten gatazkaren irtenbidean, eta alderantziz egoera okerragotze aldera doa, giroa lasaitu ordez, krispazioa sortuz. Orain artean, ondorio argi bakarra dago: Batasunaren alde bozka ematen duten milaka eta milaka pertsonek ez dute hauteskundeetan beren hautua egiteko aukera edukiko. Beren eskubide hori ukatua ikusiko dute.

Uda guztian zehar, lege honen inguruko argibide guztiak eman dizkigute PPren gobernutik. Botere betearazleak, legegileak eta baita botere judizialak izango duten jarreraren berri ere eman digute. Demokrazian onartezina, inondik inora! Botereen arteko injerentzia itzela erakutsi izan da, lotsarik gabe. Are gehiago, botere judizialari zentzu bateko erantzuna exijitu izan zaio Aznarren ahotik. Demokraziako hitz potoloak erabiliz eskubideen urraketak eman dira ,lege hau tarteko, horretarako hiru botereak bateratuz, eta laugarrena ere, komunikabideena, kontrolpean edukiaz. Forma guztiak galdu dira, eta aspaldidanik, PPko gobernuan dauden errejimenaren garaikideen familiartekoen itzala sumatu izan bada ere, oraingoan disimulorik gabe eraman dute aurrera, PPren benetako sena ateraz, bere benetako izatea erakutsiz.

Eusko Alkartasunan argi izan dugu, oraingoan ere, bere jarrerak irmo defendatuko dituela, inoren mehatxuak kontutan hartu gabe. Guk politika, gure printzipioetan oinarrituta egiten dugulako, guztion oinarrizko eskubideetatik abiatuta, bizitzeko pertsona orok duen eskubidetik eta beste eskubide guztietatik pasaz. Egin beza norberak, PPtik hasi eta beste guztiek, bere ibilbide politikoaren irakurketa.

Hori dela eta, eskubideekiko urraketa itzela gertatzen dela ulertuz aurkako jarrera aurkezten dugu lege honen aurrean. Bai lege berari dagokionean, eta ondorio lojikoz, baita bere aplikazioan ere. Azken finean, ezer onik lortuko al da lege honekin? Oraindik argudioak entzuteke gaude. Lege honek zer erdietsiko duen entzuteke gaude. Ez da argudio seriorik eman.

Bitartean, Garzonek ere bere agerraldia egin du eta dagoeneko oso zalantzakoa den Zigor Kodeko artikulu bat erabiliz, era prebentiboan Batasuna alderdiaren ekintza guztiak, egoitzak, eta abar legez kanpo utzi ditu. Alderdien legea aplikatuz gero, luzeago joko zukeen emaitza berbera lortu da, denbora gutxiagoan. Bitxia gero Espainian botereen arteko banaketaz duten kontzeptua!

Eusko Alkartasunak Batasunari kritika politikoa egin diezaioke. Erantzukizun politikoa eska diezaioke. Baina, guzti hori atal politikoari dagokion zerbait da, eta politikaren jokuan sartzen da. Horregatik esaten diogu ETAren morroi gisa jokatzeari utz diezaiola. Azken finean ETA baita, inor baino lehen Batasunari bere ekintza politikoa, era autonomoan aurrera eramaten oztopo gehien jartzen diona.
Baina hori esanda, politikaren joku arauetan, elkarrizketan, ideia ezberdinekiko errespetuan sinesten dugunontzat, ezin daiteke ideia ezberdinak izateagatik alderdi bat desagertarazi. Hori jokabide diktatorial batetik gertuago dago, jokaera demokratiko batetik baino. Herri honetan, gatazkari irtenbide bat bilatu behar diogu eta ez gure arteko liskarretan erori.

Euskal gizarteak behin eta berriro esan du azken urteotan bere helburua zein den, bakea eta normalizazio politikoa, alegia.Norberaren eskubide eta askatasun guztiak errespetatuak izan daitezela, bizitzatik hasi eta bere herriaren etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ere tarteko delarik. Hau da, autodeterminazio eskubidea onartua izan dadila.

Eta guzti honetarako, Eusko Alkartasunaren aburuz, politika bideak soilik dira baliogarri. Hartu berri diren neurri hauen atzean argi geratzen da Espainiako gobernuak ez duela herri honetako gatazka politikoa onartzen, ezta onartzeko borondaterik ere. Beraz, ez dio benetako arazoari errotik heltzen eta ondorioz hartzen dituen neurriak desegokiak izanik, egoera okertu besterik ez dute lortzen.
Eta ez gaude politikook arazoak sortzeko, irtenbideak bilatzeko baino.

Eusko Alkartasunan argi daukagu Euskal Herria eraiki nahi badugu, alderdi eta eragile sozial guztiak garela beharrezko. Horregatik, ezin da bide politikorik itxi, azken batean demokraziaren elementuak murrizten bait dira. Eta herri honek behar duena demokrazia da: elkarrizketa, errespetua, pertsona guztiok pentsatzeko eta ideiak adierazteko eskubide eta askatasuna, pertsona guztion eskubide indibidual eta kolektibotik abiatuta, irtenbide paketsu eta demokratiko bat denontzat. Salbuespenik gabe.

Jatorria: Eusko Alkartasuna