Eusko Alkartasunak, Aliantza Libre Europarra alderdiarekin batera, “Hands off Catalonia- Eskuak Kataluniatik at” kanpaina martxan jarri du

Eusko Alkartasunak guztiz arbuiatzen du Kataluniako kargu publikoen aurka espainiar Estatuak darabilen errepresioa, bai eta kataluniar herriaren eskubideen urraketa ere. “Askatasuna, Giza Eskubideak eta Demokrazia defendatzen dutenei” deia luzatuz, EAko alkate eta zinegotziek Kataluniako 700 alkate baino gehiagoren eta gobernuko agintarien aurkako kriminalizazioa salatu nahi dute, hauekiko elkartasuna adierazten duten bitartean.

Urkullu Lehendakariari, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari, Europar Batzordeko Juncker presidenteari eta Europar Parlamentuko Tajani presidenteari igorritako gutunean, honakoa adierazi dute:

“Europar Batasuna mutu dago, bere kideetako batek, Espainiak, honakoak gauzatzen dituen bitartean:
- Gobernuburu ohi bat kriminalizatu du loteslea ez den galdeketa bat antolatzeagatik.
- Polizia indarrak erabili ditu bozka paperak eta hautestontziak konfiskatzeko.
- Gobernukideak kartzelaratu ditu.
- Egunkari eta astekarietan, inprentetan, alderdi politikoen egoitzetan sarekadak egin ditu.
- Parlamentuko lehendakaria auzipetu du Erreferendumaren inguruko eztabaida onartzeagatik.
- Adierazpen eta elkartze eskubideak murriztu ditu.
- Erreferendumaren inguruko informazioa azaltzen duen webgunea itxiarazi du.
- Alkateak auziperatu ditu erreferenduma antolatzen laguntzeagatik.”

Deia egin diote europar erakundeei “espainiar Gobernuak kataluniar –europar- gizartearen eskubide zibil eta politikoen urraketaren aurka postura har dezaten, eta kataluniarren askatasun politikoa zaindu eta aintzat har dezaten, eta demokrazia eta askatasun zibil eta politikoak defendatzea”

Azkenik, gutunean eskatu dute “bere burua demokratatzat duen orori, urriak 1ean Katalunian bozkatzeko eskubidearen alde ager dadila eskatzen diot. Ez badugu ekiten eta gure lehentasunak defendatzen, demokrazia eta bere balioak albo batera uzten ditugu. Denok galtzen dugu, eta dena galtzen dugu”.

Hands off Catalonia

Hands off Catalonia