Estatuaren erreskatea eta gero sortutako egoera aztertu du Euskal Herria Bilduk.

Bilbon egin duen prentsaurrean aztertu du Euskal Herria Bilduk Europar Batasuna Estatu espainiola erreskatatu osteko egoera. Unai Ziarreta, Eusko Alkartasunako Instituzionaleko idazkariak parte hartu du prentsaurrean.

Honakoa da egin den analisiaren testua, euskaraz Marije Fullaondok irakurria:

Estatu espainolaren erreskatea heldu da. Rajoyk eufemismo bat erabili du erreskatearen atzean dagoen egoera larria estali nahian, orain arte esandako gezurrak estali nahian, eta erreskateak herritarrongan izango dituen eragin latzak estali nahian.

Madrilgo gobernuak etengabe ibili dira gezurretan. Gezurraren atzetik gezurra. Hori da Espainiako gobernua beren eskutan izan duten politikariek saldu digutena. PSOEko eta PPko politikariek gezurrak baino ez dituzte esan. Zapateroren gobernuak, PSOEk, krisirik ez zegoela sinestarazi nahi izan zigun duela urte batzuk. Bi urtez ibili zen gezurretan PSOE. Gezur horiek ahalbidetu PPren gehiengo absolutua.

Duela hilabete batzuk, Rajoyk esaten zigun estatu espainoleko finantza entitateen arkak saneatua zeudela. Gezurra. Nazioarteko auditoreek argitu dute. Duela bizpahiru egun, Rajoyren ahotik entzun genuen finantza entitateek Europatik jasoko dituzten 100.000 milioi euroak ez direla erreskatea. Espainiako gobernuaren sekulako lorpena omen da; sistema finantzarioa biziberritzeko lortutako kreditu lerroa. Gezurra, noski.

Rajoyk dioenez, erreskateak ez du inolako eraginik izango herritarron poltsikoetan. Beste gezur bat, galanta gainera. Estatua bera baita jasotako diru hori bueltatzearen azken erantzulea; alegia, herritarrak dira (gara) diru hori bueltatzearen azken erantzuleak; ez dirua jasoko duten finantza entitateak.

Azkenik, Rajoyk esan duenez, hartutako neurri hori espainiar ekonomiaren interbentzioa ekiditeko aukera bakarra izan da. Gezurra berriro ere. Espainiar ekonomia ofizialki interbenituta ez badago ere, de factozko interbentzioa ematen ari da aspalditik. Espainiar estatuak ez dauka subiranotasun ekonomiko errealik. Merkelek exijitutako murrizketa eta erreforma guzti-guztiei men egin die Rajoyren gobernuak. Eta, erreskatearekin batera, murrizketa eta erreforma gehiago etorriko dira, Europak erreskatea bideratzeko jarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko. Almuniak berak esan zuen moduan, inork ez du dirua ezeren truke ematen.

Eta hori da Rajoy kontatu duena. Gezurrak, denak. Baina kontatu ez dituenak are kezkagarriagoak izan daitezke. Erreskate honen atzetik zenbat etorriko dira? Zein interesekin bueltatu beharko da erreskatea? Zenbat denboratan? Nork ordainduko ditu interesak? Zer baldintza jarriko zaizkie entitate finantzariei? Zer gertatuko da entitate finantzariek ezin badute erreskatea bueltatu? Zer eragin izango du horrek defizit publikoan? Eta herritarrongan? Zer zeharkako murrizketa eta erreforma ekarriko ditu erreskateak? Zer eragin izango du erreskateak entitate finantzarioetan ari den langileriarengan?… eta beste hamarna galdera. Oraindik erantzun bat bera ere.

Lehenago genioen moduan, Europa neoliberalak aspalditik dauka interbenitua Espainiako estatua. Baina ez gaitezen engainatu, erreforma guztiak kapitalaren neurrira egin dira. Egungo erreskatea ere. Izan ere, krisira eraman gaituen ekonomia espekulatzailea erreskatatzeko modu bat baino ez da; berau diru publikoarekin berregituratu eta, ondoren, etekinak berriro ere pribatizatzeko. Estatuak bere gain hartu du zor pribatua, eta zor hori ordaindu ahal izateko herritarren eskubide sozialak eta laboralak gero eta bortitzago murriztuko dituzte; ongizate estatuaren ardatz den sistema publikoa desagerrarazteko bidean jarriko dute, pribatizazioari alfonbra gorria jarriaz.

Bizi dugun egoera ekonomikoa larria da. Latza. Eta egoera honen ondorioak ordaintzea herritar xumeon bizkar jartzen ari dira gobernuak. Baina ez gara gu, herritarrak, egoera honen errudun eta, are gutxiago, erantzule. Egoera honek errudun eta erantzule jakinak dauzka: entitate finantzariak eta gobernuan egon diren politikariak. Horien kudeaketa ezin okerragoek ekarri baikaituzte egoera honetara.

Eta egoera honen aurrean, Euskal Herria Bilduk argi dauka: erantzukizun politikoak eta penalak eskatu behar ditugu krisi honetara eraman gaituzten arduradun politiko eta finantzarien kontra.

Denok dakigu zeintzuk diren arduradun horiek: alde batetik, entitate finantzarien buruak, izen-deiturak dituztenak; bestetik, egoera honetara ekarri gaituen sistema kudeatu, sustatu eta babestu duten alderdi politikoak; alegia, PSOE eta PPrekin batera, Hego Euskal Herrian, PNV, PP, UPN, PSE eta PSN. Horiek dira Hego Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa eta soziala kolokan egotearen erantzuleak, nahiago izan dutelako krisi ekonomiko eta sozial honetara eraman gaituzten ekonomia espekulatzailearen buruak babestu justizian eta elkartasunean oinarrituz, herritarrak babestea baino.

Gezurretan eta kapitalaren interesak babestuz, herritarron interesen kontra aritu diren politikari horiek, kudeaketarako gaitasun eza erakustearekin batera, herritarron bizitza gidatzen duten politikak aurrera eramateko zilegitasuna galdu dute. Eta hori gutxi balitz, inolako lotsarik gabe, mahai gainean jartzen dizkiguten errezetak egungo egoerara ekarri gaituzten berberak dira.

Hori da gure errealitatea. Eta errealitate horrek ondorio argi bat erakusten digu: orain inoiz baino agerikoagoa da Espainia zama jasangaitza dela Hego Euskal Herriarentzat. Are gehiago, agortuta dagoen marko autonomistak eskaintzen dizkigun eskumen apurrak alboratuz, Espainiako gobernuak (ber)zentralizazioaren bidea hartu duenean. Bizi dugun abagune ekonomikoan, Espainiari lotutako Hego Euskal Herrian ezinezkoa da justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako eredu sozio-ekonomiko berria eraikitzea, gure beharretan oinarritutako eredua erabakitzeko ahalmena ere ukatu egiten baitzaigu.

Baina irtenbidea badago. Gaur, inoiz baino gehiago, Euskal Herriak aurrera pausu bat eman behar du burujabetzaren bidetik, euskal herritarrok etorkizuna izan dezagun, eta Espainiako estatuak, espekulatzaileen eskutik, pobrezia estrukturalera eraman ez gaitzan. Eta, besteak beste, egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko, banku publiko bat eraiki behar dugu. Espekulaziotik urruti, inbertsioa sektore estrategikoetara, enplegua sortzera eta herritarron onura bermatzera bideratuko duen banku publikoa.

Burujabetzaren bidean urratsak ematea ezinbestekoa da. Burujabetza baita bide bakarra. Burujabetza ekonomiko eta politikoa behar du Euskal Herriak krisiari aurre egin al izateko, berdintasunean eta elkartasunean oinarrituta, eredu ekonomiko eta sozial berrien aldeko hautua eginez. Beraz, erabakiak hartzeko momentua da.

Jatorria: Eusko Alkartasuna