Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea
Hauteskundeak ditugu berriz ere Hegoaldean. Gu guztion eguneroko bizimoduan eragina duten hainbat kuestioren kudeaketa noren esku utzi behar dugun erabakitzeko garaian, sistema politiko-demokratiko normalizatu batez arituko bagina, ezkerraren eta eskuinaren arteko lehia programatiko-ideologikoa litzateke gakoa. Horrez gain, emantzipazio nazionalaren prozesuan dagoen nazio bateko biztanleek, ezker-eskuin dialektikatik at, Euskal Herria edo Espainiairen arabera ere egiten dute beren hautu politikoa. Hau izan da orain arte euskaldunok ezagutu dugun normalkuntza demokratiko anormala.

Oraingoan, ordea, egoera zailagoa da, izan ere, herri honetako milaka biztanleren proiektua ordezkatzen duen ideologietako bat legez kanpo utzi baita, eta ondorioz hauteskundeetara aurkezteko aukera leku oso urritan izango du. AuBz eta herri anitzetan sortu diren plataformez ari naiz.

Batasunaren ilegalizazioaren azalpena emateko, asko izan dira Estatuko ordezkarien estrategia politikoaren argudioa erabili dutenak; Batasuna legez kanpo uztea oinarri juridikorik gabeko erabaki politikoa zela, eta ondorioz, helburu politiko baten lorpenerako ekiten ziotela PPk eta PSOEk ilegalizazioari. Helburu politiko argi bat zen estatalismoaren partetik, Euskal Herriko erakundeen osaketa eraldatzea abertzaletasunak duen ordezkaritza politikoa gutxiaraziz, eta, ondorioz, estatalismoarena areagotuz. Euskal Herriko alderdi politikoek izan duten jarreraren inguruko kritika asko egin daitezke, batzuk zentzuzkoak izango direlarik, beste asko, ordea, ez. Halere, zalantzan jarri ezinezko hiru gauza daude: ilegalizatzailea nor izan den, ilegalizatuak nortzuk izan diren eta ilegalizazioaren arrazoiak zeintzuk izan diren.

Zilegi da ilegalizatua izan den aukera politikoak, estrategia politikotzat norbere botuen aldeko aldarrikapena egitea eta ilegalizatzaileen borondatearen aurkako hautu onena ilegalizatutako alderdiaren aldeko boza ematea dela esatea. Baina era berean, zilegi da, udaletxe eta batzarretako ordezkarien banaketa egiteko garaian botu baliagarriak bakarrik kontuan hartzen direla jakinda, estatalismoaren aurkako hautu onena erakundeetan PPren eta PSOEren aurka arituko diren indar politikoen aldeko hautua egitea dela pentsatzea. Euskaldun askok pentsatuko dute frankistei amorru izugarri emango liekela ilegalizatutako indarren aldeko botu kopuru handia, baina euskaldun askok pentsatzen dugu bestelako zerbaitek emango diela benetako amorrua: hauteskundeak galdu eta gehiengo abertzaleak osatzea berriz ere ahal den erakunde kopuru handienean. Bi aukerak badira zilegizkoak, utzi diezaiogun bakoitzari norbere kontzientziaren arabera ekitea eta hautu pertsonala egitea. Presiorik gabe, mehatxurik gabe eta errepresiorik gabe.

Jatorria: Martin Aranburu