Idazkari nagusiak Gasteizen Martxoaren 3a, 78ko Sanferminak, Zabalza kasua eta GALenak aipatu ditu Bermeon ospatutako Itsas Gudari Egunean
Itsas Gudari Eguna, Alkartasuna Fundazioarekin batera urtero Gerra Zibilean Euzkadiko Gudontzidiko gudariak omentzeko antolatzen dugun deialdia, gaur ospatu dugu Bermeon. Hitzorduak bi ekitaldi izan ditu aurten ere. Lehena, Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturan, Naiara Fernandez Madariaga Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak aurkeztuta. Eba Blanco de Angulo, idazkari nagusiak, eta Imanol Urrutia Barriketak, ikurrina igo eta lore-eskaintza egin diete lurmuturreko uretan demokrazia frankismoaren aurrean defendatu zuten gudari ausartei.
Hedabideei egindako adierazpenetan, Blancok Espainiako Estatuak diktaduran zein trantsizioan izan zuen papera izan du hizpide. Duela hogeita bost urte Alemaniak Gernikako bonbardaketan izan zuen ardura historikoa bere gain hartu zuela gogoratu du. “Noiz aitortuko du Espainiako Estatuak frankismoak Euskal Herrian eragindako triskantzetan izan duen ardura? Ia berrogeita hamar urte daramatzagu itxaroten”, gogoratu du. “Egia da biktima batzuk aitortu dituztela, Martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren kasuan bezala, hain zuzen ere, astearte honetan bere berrogeita hamargarren urteurrenean gogoratuko duguna, baina Espainiako Estatuak, guztiaren gakoa aitortu gabe jarraitzen du: hau da, bere erantzukizun politikoa” gaineratu du alderdiaren buruak.
Joan den asteazkenean kolpearen dokumentazio ofiziala desklasifikatzearen harira, O23a ere aipatu du. ““Otsailaren 23koen ondoren, Estatuak Euskal Herrian eskubide urraketen inguruko dokumentuak desklasifikatu behar ditu, hala nola, Martxoaren 3koak Gasteizen, 78ko Sanferminak, Zabalza kasua eta GALekin lotutakoak”, esan du. Blancoren hitzetan, “Estatuak guztiz demokratikoa izan behar du, eta ez demokrazia salbatzearen ordez, 78ko erregimena indartzeko estatu kolpea eman zuen estatu sakona. Benetan hala bada, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu behar du”.
Bigarren ekitaldian, Bermeoko Kafe Antzokian, Meritxell Elgezabal Intxaurragak aurkeztuta, Pello Otxandiano Kanpo, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Idurre Bideguren Gabantxo senataria, eta Edriga Aranburu Agirre, Bizkaiko batzarkidea, solasaldian aritu dira. Burujabetzan aurrera egitea ahalbidetuko duen estatus politiko berri baten beharraz, Euskal Errepublika lortzeko helburuarekin. Eskubide historiko eta demokratikoak, justizia soziala, eredu ekonomikoa, finantzarioa eta fiskala, jorratu dituzte, baita herri erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren eraldaketak zerrendatu ere.








