Bizkaia paradisu fiskalik gabeko herrialdea izendatzearen beharra aldarrikatu du Iker Rahonak, jokabide horiek dituzten enpresak kontratazio publikotik ateratzeko neurriak jarriz. Aldarrikapen horrekin Elkarrekin Bizkaiak egindako ekimena babestu du EH Bilduk Batzar Nagusietan, eta zuzenketa bat gehitu du, lehiaketa publikoetan parte hartzen duten enpresek jokabide fiskal arduratsuak izan ditzaten beharrezkoak diren urratsak bermatzeko. Eskumen faltaren aitzakia erabili dute EAJk, PSEk eta PPk ekimena ez onartzeko.
Eskumen falta aitzakia da, Rahonak erakutsi duenez, Bizkaiak “kontratazioetan gizarte eta ingurumen-klausulak sartzeko gidatik abiatuta, paradisu fiskalei lotutako enpresen aurkako neurriak ere sartu ahal izateko” baldintza egokiak dituela defendatu baitu.
“Enpresa guztiei eskatu behar zaie jokabide fiskal arduratsuak izan ditzatela eta hori bermatzeko beharrezko urratsak eman behar dira”, adierazi du EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasunako Bizkaiko koordinatzaileak: ezinbesteko konpromisoa da eta hori gauzatzeko aukera dago.
Rahonak kritikatu duenez, alderdi politiko guztiek jarrera fiskal arduratsuak bultzatzearen alde daudela dioten arren, EAJk, PSEk eta PPk beti bozkatzen dute horrelako ekimenen aurka; horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatu du.
Gaur goizean egindako Batzordearen bigarren puntuan, erakundearen kultura demokratikoa indartzeko konpromisoa eskatu zaie Bizkaiko Batzar Nagusiei, ultraeskuinaren babesik minimoena ekidituz. Proposamena Sabino Arana Fundazioak Venezuelako oposizioko Lorent Salehri Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza bisitatzeko egindako gonbidapen polemikotik etorri da. Polemika Saleh indarkeria baliatzen duten mugimenduei lotuta egoteagatik sortu da.
Ultraeskuindarren mugimenduen aurka borroka egiteko beharra azpimarratu du Rahonak, “horien atzean zer dagoen jakina delako, baita zein den inposatu nahi duten eredua: eskubide sozialen aurka, batez ere emakumeen eskubideen aurka, ideia politiko independentistak legez kanpo uztea, erlijio-askatasuna moztea etabar nahi dute”.
EH Bilduko ordezkariak kezka handiz gogoratu du duela gutxira arte Euskal Herrian mugimendua nahiko urrun ikusten bazen ere, orain ultraeskuina Gasteizko Ganberan dagoela.

RAhona