Proiektuak eta zerrendak libre osatzeko eskubideari trabarik ez jartzeko galdegin dio koalizio berriak Espainiako Gobernuari

Kursaaleko areto nagusian ehunka herritar bildu ziren, eta ordu eta laurden iraun zuen ekitaldian, ohiko hitzaldi politikoekin batera, musika eta dantza tartekatu ziren, guztia ere ukitu berritzailea zuen eszenografia batekin. Donostiara bildu ez zirenek webgunetik ikusteko aukera izan zuten.

Sinbolo bat bihurtu zen ekitaldiko leit motiv: artile mataza. Hariak biltzen dituen bola horren bitartez indar metaketa aditzera eman nahi izan zen: «Artile mataza hori gero eta handiagoa izatea eta mugitzea lortuko dugu, elkarrekin etorkizuna ekartzeko, Euskal Herria biltzeko». Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren azken hitzok eman zioten amaiera ekitaldiari. Oscar Matute Alternatibako bozeramaileak eta Bakartxo Ruizek “Herritarron garaia” Nafarroako plataformako bozeramaileak ere parte hartu zuten ekitaldian.

Urizarri egokitu zitzaion azken hitzaldia, eta haren lehen hitzak Sabin Intxarraugari buruzkoak izan ziren. Abenduan zendu zen EAko buruzagi eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia. Urizarren arabera, bizirik balego «oso gustura» legoke Kursaalak atzo azaltzen zuen itxurarekin. «Ziur nago hemen gauden denok zirrara berbera dugula Bilduren lehen urratsetan parte hartzen dugulako».

Hauek izan ziren Urizarren hitzak:

“Datorren maiatzaren 23tik aurrera udaletxeetan, batzar nagusietan eta Nafarroako Foru Parlamentuan ezkerreko subiranismoa ordezkatuko duten gizon-emakumeak aurkezten ditugu gaur; indar subiranisten metaketaren aldeko apustuak datozen hauteskundeetan izango duen isla aurkezten dugu hemen. Ziur nago hemen gauden guztiok zirrara bera sentitzen dugula Bilduren lehen urratsetan parte hartzen ari garelako, koalizio honek Euskal Herriaren etorkizunaren norabidea zehaztu egingo duela jakin badakigulako.

Zuek guztiok zarete Bildu; gu guztiok gara Bildu. Sekulako etorkizuna duen apustu baten adierazle bizia gara, herri honetan egoera politikoa aldatzeko gaitasuna duen formula bakarra: indar subiranisten batasuna.

Bildu gu guztion subjektu elektorala da, eta bere ahalmen nagusia batasunean datza. Batasuna indar eraldatzaile bezala, Euskal Herrian primeran dakigulako abertzaleen batasuna bide bakarra dela euskal agertoki politikoa aldatzeko, mugiarazteko eta konponbideari begira jartzeko.

Hemen gaudenok ibilbide politiko ezberdinak ordezkatzen ditugu, bide ezberdinak jorratu ditugu, baina guztiok aldarrikapen bera egin dugu beti: Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea, gure etorkizuna guk geuk erabakitzea, gure patuaren jabe gu geu izatea.

Indar-metaketaren aldeko behin betiko apustu sendoak aukera ematen digu orain gure helburuak lortze aldera tresna bat edukitzeko. Bildu Euskal Herri osoan aurkezten da ilusioa berpizteko, egoera politikoa aldatuko duen tresna bihurtzeko, gatazka luzearekin amaitzeko, gizarte hobeago bat eraikitzeko eta instituzioetara aire freskoa eramateko, instituzioak gizartearengandik urrunegi daudelako.

Formula daukagu, batasuna; tresna ere badugu, Bildu; baina batez ere giza kapitala dugu, gu guztiok; eta baita ere egoera aldatzeko behar den indarra dugu, beste agertoki baterantz aurrerapausoak emateko. Eta gainera bat gatoz eta ziur gaude hauxe dela une egokia etorkizunera daraman bidea egiten hasteko.

Horrexegatik daude hain urduri. Eta urduriago jarriko dira oraindik. Sorgin-ehizak iragartzen dizkigute, McCarthyren garaian bezala, gaur hemen dagoen Garaikoetxea lehendakariak salatu duen moduan. Eta aurpegia dute gainera gure zerrendak, hemen gaudenon zerrendak, lupaz eta guzti aztertuko dituztela esateko. Eta hori esaten digute nortzuk eta 25 urteren buruan X bat aurkitzeko gai izan ez direnek. Ez munduko lupa guztiekin, ez epaiketetan egindako akusazioekin, ez egunkarietan egindako autokonfesioekin, ez dira X bat aurkitzeko gai izan.

Hori onartezina litzateke Europako edozein demokraziatan, baina oraindik gertatzen da hemen. Aldaketari beldur diotelako, benetako aldaketa bati beldur diotelako, nazio gisa dagokigun erabakitzeko eskubidea emango digun aldaketari. Horixe da maiatzaren 23an hasiko den aldaketa.

Horixe da gizarteari Bilduk eskaintzen diona, hemen bildu garenok eskaintzen dioguna: behin betiko beste egoera politiko batera iristeko aukera, edozein indarkeriarik gabeko egoera batera, benetako demokrazia batera.

Jada hemen dagoen aldaketa horri oraindik aurre egiten diotenei eskatu behar diegu gizartearen desioei erantzuteko, nazioarteko eragileak eskaintzen ari diren laguntza ez mespretxatzeko eta, batez ere, bidean oztopoak ez jartzeko.

Beldur diote guk geuk erabakitzeari, beldur diote demokraziari. Guk nahi dugun aldaketa aldaketa sakona delako. Aldaketa juridiko-politikoa nahi dugu, baina aldaketa soziala ere bai. Udalek eta aldundiek gizartea ordezkatzea eta benetan bere zerbitzura egotea nahi dugulako, instituzioek krisia gehien pairatzen ari direnen beharrei erantzutea nahi dugulako; ez ditugu gure instituzioak krisia sortu zutenen zerbitzuan ikusi nahi.

Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dugu. Lanaren errentak baino gehiago kapitalaren errentak kargatuko dituen zerga-politika bat nahi dugu, krisi egoera honetan gizarte-zerbitzu egokiak ordaindu ahal izateko. Euskaraz bizitzeko dugun eskubidea errespetatu eta bermatuko duten instituzioak nahi ditugu. Ingurumena eta baliabide naturalak errespetatuko dituen garapena nahi dugu.

Argi gera dadila: Bilduk balio izango du instituzioek euskal gizartea benetan ordezkatzeko, euskal gizartearen gehiengo zabala subiranista eta aurrerakoia baita. Bildu ez da instituzioetara iristeko tresna bat, gure herria instituzioetatik eraldatzeko tresna bat baizik.

Hau guztia eta gehiago udaletxeetara eta batzar nagusietara eramango dugu, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeetara, eta Nafarroan ere bai, noski. Zeuon laguntzarekin Bilduk ehunka ordezkari izango ditu instituzioetan, ideia hauek defendatuko dituzten ehunka ordezkari, eta beraiek izango dira Euskal Herrian behin betiko aldaketaren ordezkariak eta bultzatzaileak.

Batzuek gizarteari kontrakoa sinestarazi nahi dioten arren, indar subiranisten metaketa ez da koiunturala, eta bere helburua ez da instituzioetan egotea bakarrik. Euskal Herrian martxan dagoen eraldaketa politiko eta sozialerako prozesua ez zen jaio hauteskunde-koalizio bat sortzeko. Argi eta garbi diogu: hauteskundeetan ez da ezer amaitzen. Hori bai, maiatzaren 22an hitzordu garrantzitsua dugu. Etorkizuna eraikitzen hasteko aukera dugu, eta egingo dugu.

Bola hau gero eta handiagoa izatea eta mugitzea lortuko dugu elkarrekin, etorkizuna ekartzeko.
Bildu proiektu honetara. Bildu Euskal Herria!”

Jatorria: Eusko Alkartasuna