Begoña Lasagabaster EAren parlamentaria Espainiako hauteskundeetan EAJ, EA, EB eta Aralar koalizioan aurkeztearen alde dago -martxoaren 9an izango dira boz horiek-. Haren arabera, “beharrezkoa da herri honek duen erabakitze eskubidearen defentsa ikustaraztea”, eta hori lortzeko “euskal alderdiek koalizioan aurkeztu beharko lukete”. Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteak gauza bera esana du.

Hamabi urtez egon da Espainiako parlamentuan EAren ordezkari bezala Lasagabaster, eta pasa den abenduan berriz ere ez dela aurkeztuko iragarri zuen.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren galdeketa proposamena egingo dela iritzi dio EAren kideak, eta Espainiako Gobernuarekin aurreakordiora iristeko aukerak daudela uste du.

EAE-ANVren etorkizunari begira ez da oso baikor azaldu Lasagabaster, “eguneroko prentsan irakurtzen denaren arabera, ilegalizatzeko erabakia hartuta dagoelako eta aurrera eramatea baino ez da falta”.

Jatorria: Begoña Lasagabaster