Rajoyk erraz izan duela aitortu behar da. PSOEk azken urtean izan duen jokaera ulertezina ikusita eta Podemosen asmoa ez dela PP botatzea baizik eta sorpassoa lantzea baieztatuta, erraza du.

Eta egoera horretan, Rajoyk bere alderdian dauden botere talde ezberdinak pozik mantentzeko egin duen oreka da Espainiako Gobernu berrian aipagarriena. Soraya Sáenz de Santamaríak galdu egiten du bozemailea izateari utzi diolako? María Dolores de Cospedalen izendapenak eragina izango al du alderdian, duen kargua kontutan izanda? Eztabaida publikoak izan dituzten De Guindos eta Montoro pozik al daude? Hori da Gobernu berriak aztertzeko ematen duena.

PPren barneari begira ere aztertu behar da Javier Maroto eta Pablo Casado kanpoan geratu direla, nahiz eta ministerio baten egongo zirela egon diren zurrumurruak egon. Casado eta Gasteizko alkate ohia dira, Andrea Levyrekin batera, antza etorkizunerako proiekzio handiena duten PPko zuzendaritzako kideak eta nahiko gogor mintzatu dira PPren ustelkeria kasuen kontra, naiz eta Maroto bera San Antonioko lokalen kontuan zikinduta egon. Beraien jarrera Rita Barbera haserretzera irits izen eta Gobernura sartu izan baziren ustelkeriaren kontrako pausu txiki bat bezala ikusiko zen. Baina hori ere ez du egin Rajoyk. Zertarako? Ez du behar.

Keinu hau egin gabe eta sail ekonomikoetako arduradun nagusiak mantenduta, Gobernu berria aurrekoen bidea jarraituko duela nahiko argi dago.

Honi gehitu behar diogu PSOEk, bere barne egoera larria ikusita, ez duela inongo presarik hauteskunde berri batzuetara aurkezteko; ondorioz, espainiar Estatuko Gobernuak arazo gutxi izango ditu aurreko legegintzaldiko bide beretik jarraitzeko.

Euskal Herriari dagokionez, ez da berri onik espero. Nafarroan Itun Ekonomikoaren negoziazioaren afera dago mahai gainean. Ez dakite Madrilek aldaketaren Gobernua zigortu eta itotzeko ahaleginik egin duen. EAEn galdera da, ea EAJk gutxiengoan dagoen Madrilgo Gobernutik zerbait lortzen saiatuko den.

EAJko diputatu Aitor Estebanek izan dituen bi ekintzek galdera hori erantzuteko arrastoak eman ditzakete: Rajoy presidente inbestitua izan zenean Esteban hurbildu egin zitzaion eskua emateko –momentu berean Soraya Sáenz de Santamariak bixkarreko adeitsu bat eman zion Estebani- eta aste honetan Kongresuko Kanpo Gaien batzordera ez da agertu jeltzalea eta, ondorioz, Irakeko gerran Jose Maria Aznarren papera aztertzeko ERCk proposatutako batzordea ez da aurrera atera. Argi dago, EAJk Madrilekin elkarrizketak izan nahi dituela baina, noski, bilera diskretuak izan dira, argazki edo hizketakide publikorik gabekoak. Halere, jakin badakigu negoziatzen dutena ez dela aparteko ezer izango; urteetan eman diren negoziazio eta akordioek ez dute Estatutua erabat betetzeko ere balio izan.

Beraz, Madrilek Euskal Herrira dirua bidaltzea aukeratzen duenean, AHTaren lanek aurrera egingo dute eta EAJk azpimarratu egingo du bere kudeatzeko eta akordiorako gaitasuna, baina ez gehiago. Euskal gizartearen erronka handienak ase gabe geldituko dira, baita Euskal Herrian ere, zeren eta jeltzaleek EAEko Gobernuan laguntzeko –datorren astean ikusiko dugu nola- hautatutako bidaideek ez dute subiranotasunean eta behin betiko bakerako aurrerapausorik onartuko.