Epe labur samarrean langileen partaidetza enpresan merkataritza-sozietate era guztietan sartzea nahi duela adierazi du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. ´Dagoeneko filosofia horrek Gizarte Ekonomian eragiten du eta haren bere-berezko parte da; gure helburua da gainerako merkataritza-sozietateetan ere sar dadin ez oso epe luzera´, adierazi du Joseba Azkarragak.

Enplegu-arloko gobernuko arduradunak inauguratu du, gaur goizean, Donostian, ´Langileen enpresa-partaidetzari buruzko biltzarra´. Topaketa horretan orain dela gutxi partaidetzaren inguruan lan egin duten enpresa, organismo eta unibertsitate guztiak elkartu dira, eta, hari esker, arlo horretan zein lan-ildo urratu diren, zein arlo bultzatu eta zeintzuk alboratu behar diren, eta Administrazioak zer egin behar duen jakitea egongo da.

Azkarragak adierazi duenez, azken hiru urtetan, buru duen sailak 31 ikerketa proiektu diruz lagundu du, eta guztira 600.000 euro inguru baliatu horretarako. ´Langileek enpresetan partaidetza sakonagoa izatea laguntzen duten formulak bultzatzeko borondateari jarraiki, enpresak Gizarte Ekonomiakoak diren ala ez alde batera utzirik, gure sailak enpresa-eredu hori sustatzen duten ekimenak eta ikerketa-lerroak bultzatzen eta laguntzen jarraituko du´, erantsi du Lan sailburuak.

Sailburuan bere berbaldian adierazi duenez, orain dela urte batzuk partaidetzaz hitz egitea ia tabutzat hartzen zen, eta orain, berriz, management arloko adituen paradigma bilakatu da. Horren inguruan hau gehitu du: ´enpresaren kontzeptuaren eraldaketak horrekin batera dakar ez soilik ohiturak aldatzea, baizik eta kontzeptua sakon aldatzea; eta ildo horrretatik, langileen partaidetza bilakaera geldiezin honen ondorio logikoena da´.

Enpresa enplegua ematen eta enplegua jasotzen duten pertsonen arteko proiektu erkidetzat hartzea abiapuntu duen lan eta ekoizpen sistemaren ahalmenak aprobetxatzearen alde egiten du tinko Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak.

Jatorria: Joseba Azkarraga