Euskadiko Lan Sozietateen Taldeak saritutako entitateak Gizarte Ekonomiaren balio guztiak dituela nabarmendu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Gizarte Ekonomiaren ´Txemi Cantera´ Nazioarteko Saria eman zuen. Sari hori, aurten, ONCE erakundeari eman dio Euskadiko Lan Sozietateen Taldeak (ELST).

Gaur, Bilboko Carlton Hotelean egindako ekitaldian Azkarragak azpimarratu duenez, ONCEri emandako saria ´zuzena, egokia eta bidezkoa da´ entitate horrek ´jakituriaz landu dituelako Gizarte Ekonomiako enpresen oinarrian dauden hainbat balio: autolaguntza, ardura, elkarrenganako erantzukizuna, berdintasuna eta elkartasuna´. Horregatik -gaineratu zuen- ONCE erakundea Gizarte Ekonomia da, zalantzarik gabe, eta ´zuzena da erakunde horren lan onari merezi duen ospea ematea, milaka ezinduri autoestimua itzuli dielako, baliagarriak direla sentiaraziz. Beren buruaren aurrean lehenik, ondoren, familiaren aurrean, eta azkenik, inguratzen dituen gizartearen aurrean´.

Azkarragak, ONCEk itsuekin egiten duen lana zuzenki aipatuz, adierazi zuenez ´aurrerapenak izan dira, noski, itsuen gizarteratzean, baina horiek ez dira nahikoak izan, ezta gutxiagorik ere, benetan gizarte kohesionatuaren aldeko apustua egin nahi badugu eta laguntza-emate hutsarekin konformatu nahi ez badugu´. ´Bide luzea dugu oraindik eskubide osoz dagokien bezala erabat gizarteratu arte, eta edozein gizarte demokratiko aurreratuaren betebeharra da marginalitatea ez onartzeko eta kroniko ez bihurtzeko bitartekoak eskuratzea´, azpimarratu zuen.

Hala eta guztiz ere, sailburuaren iritziz, lan eta gizarte ´normalizazioa´ sendotasunez egituratutako antolaketa ekonomiko batetik baino ezin da ´bermatu´; hau da, gizarteratzeko helburua enpresen arrakastan eta diziplinan oinarritu behar da. Azkarragak dioenez, ONCE erakundeak ´demostratu du badakiela bere neurrian konbinatzen adimen- eta irmotasun-dosiak, guztiz beharrezkoak direnak bere egitura oinarri sendo eta egonkorren gainean ezartzeko. Adibidez, mundu guztiak -ezinduek ere- beren etorkizuna kontrolatzen ahalegindu daitezkeela -eta hala egin behar dutela- jakitea, baina aldi berean, garapen pertsonalak garapen kolektiboarekin batera etorri behar duelako jakitea.´ Haren ustez, saritutako entitateak demostratu du, ´eguneroko lanaren bitartez, elkarte arduratsu batek honako ezaugarriak dituela enpresaren arlo guztietan: partaidetza, informazioa, erabakiak hartzeko inplikazioa eta berdintasunezko tratua. Elkarte horrek ordezkatzen duena bezalako giza talde batek lehentasuna ematen dio guztion interesari, interes pertsonalaren gainetik´, eta hori da, sailburuaren iritziz, ´bere lan eredugarriaren arrakastaren giltzarria´.

Sailburuak baieztatu zuenez, bi dira ezintasunaren eta lanaren arteko harremanaren oinarrizko osagaiak ´batetik, askotan (gero eta gehiago) ongi prestatuta, baina gutxi balioetsita dagoen lan-erreserba hori ez ezagutzea; bestetik, ezinduek lanaren aurrean duten jarrera, lana ogibidea delako, baina horretaz gainera, gizarteratzerako eta duintasun pertsonala lortzeko bidea ere badelako, bereziki pertsona horientzat.

Azkarragak azpimarratu zuenez ´lana gure gobernuaren -eta gure sailaren- politikaren zutabeetako bat izatera iritsi da, gizarte-kohesiorako oinarrizko tresna dela uste dugulako, hain zuzen ere´. ´Nik zuzentzen dudan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako -eta beraz, ezinduentzako- arreta berezia ardatz gisa hartu duten politikak garatu ditu´, gaineratu zuen.

Jatorria: Joseba Azkarraga