Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak eta Argentinako Lan ministro Carlos Alfonso Tomadak Eusko Jaurlaritzaren eta Argentinako Errepublikako Gobernuaren arteko bi lankidetza-protokolo sinatu dituzte gaur Buenos Airesen, bat Enpleguari buruz eta bestea Laneko Segurtasun eta Osasunari buruz.
Argentinako Lan ministroarekin batzartu ondoren Azkarraga sailburuak adierazi duenez, Enpleguari buruzko akordioak marko orokor bat ezartzen du, bi administrazioen arteko harremanak garatzeko balio izango duena kalitatezko enplegua eskubideen errespetuarekin sortzeari dagokionez. Azkarragak adierazi duenez, erakundeen arteko lankidetza horren oinarriak elkarrekiko errespetua eta lankidetza dira.
Arlo horretako jarduera-ildo nagusia Argentinan Enplegu Zerbitzu Publikoa ezartzeko lankidetza eskaintzea izango da, eta horretarako, beharrezkoak diren laguntza eta aholkularitza teknikoa emango ditu Eusko Jaurlaritzak. “Gure xedea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin izandako esperientzia ona gidatzat hartzea da, Argentinan Enplegu Zerbitzu Publikoa abian jartzen laguntzeko”, azpimarratu zuen sailburuak. Abian jarri nahi den tresna herritarrentzako lau zerbitzutan oinarrituko litzateke: enpleguari buruzko informazioa; enplegurako orientazioa; lanerako prestakuntza eta lanbide-espezializazioa; eta lan-bitartekaritza. Horretarako, enplegu eta kualifikazioen behatokia garatzen duen barne-zerbitzua erabiltzen du, hau da, kalitatea eta etengabeko ebaluazioa baliatzen ditu.
Euskadi eta Argentinaren artean sinatutako hitzarmenetako bigarrenari dagokionez —Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzkoa—, Azkarragaren esanetan, prebentzioaren kultura sustatzeko heziketari buruzko guztia sartzen da bi administrazioen arteko lankidetza-esparruaren barruan: laneko arriskuen inguruko prestakuntza-proiektuak; laneko segurtasun eta osasuneko metodo, teknika eta sistemei buruzko ikerketarako programak; laneko ezbeharren aurkako politikak; eta laneko arriskuen prebentzioa.
Azkarragaren iritziz, “Ezin dugu jarraitu esaten —lotsatu gabe behintzat— gure gizarteak aurreratuak direla egungo lan-ezebehar eta –heriotzen tasek irauten duten bitartean. Izan ere, estatistika horren atzean izen eta abizenak dituzten pertsonak daude, hautsita geratzen diren familiak ahaztu gabe”. Sailburuak Laneko Segurtasun eta Osasuneko Plan Zuzentzailea aipatu zuen, eta Europar Batasunean aitzindaritzat hartzen dela adierazi zuen. Planak 48 milioiko aurrekontua dauka 2003-2006 urterako, eta helburu zehatz bat: arazoaren sustraietara —hau da, istripuen kausetara— jo eta konponbideak jartzea. Azpimarratu zuenez, ezbeharren aurkako berariazko plan baten bidez, oraingo lan-arriskuen kontra lan egiteaz gainera, “berebiziko garrantzia ematen diegu kutur eta prestakuntza-alderdiei, hau da, prebentzioaren ohiturak lantzeari, etorkizunean ezbeharren kopurua ahal den neurrian jaitsi dadin”.

Jatorria: Joseba Azkarraga