Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak jakinarazi zuenez, EAEko auzitegien ebazpen-tasaren batez bestekoa %110 baino handiagoa izan zen 2001ean.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak ´errespetua´ exijitu zuen Euskadiko epaile eta fiskalentzat, haien ´independentzia eta inpartzialtasuna ´behar baino gehiagotan´ zalantzan jartzen direlako, nahiz eta haien lana eskertu beharreko duintasunez egin, biolentziaren presioak haien bizitzetan ezartzen dituen zailtasunen eta mugen gainetik.

Gaur, Bilbon, Probintzia Auzitegietako Presidenteen Jardunaldien amaiera-ekitaldian emandako hitzaldian, Azkarragak ´onartezintzat´ jo zuen ´Euskadiko epaileek independentziaz eta inpartzialtasunez jokatzen dutela zalantzan jartzea´. Adierazi zuenez, ´hori horrela izan da duela urte askotatik. Nire ustez, egia da orain dela urte bete José María Lidón Corbi lankidea ETAk hil izanak nahigabe handia sortu zuela magistratuen artean, baina horrek ez du eraginik izan haien funtzioak betetzerakoan duten jarrera eta prestutasunean.

Sailburuaren iritziz, ´oraingoa bezalako une zailetan, adostu beharreko erreformak abian ditugunean eta edozein sistema demokratikok berezko duen botere-banaketa ezabatzeko saioak daudenean, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea herri honetan Botere Judizialaren partaideak garatzen ari diren lan jursidikzionalak errespetua merezi duela´. Ildo beretik, Probintzia Auzitegietako Presidenteen Jardunaldien garrantzia azpimarratu zuen Azkarragak, haren iritziz, partaideek konprobatu ahal izan dutelako ´helarazten diedan ziurtasun hau ez dela itxura hutsa, ezbairik gabeko egia baizik´.

Sailburuak gogorarazi zuenez, Gernikako Estatutuak bere eskumen aurreikuspenen artean jasotzen duen xedapen subrogatzaile baten arabera, ´Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Botere Judizialaren Kontseiluak Gobernuari aitortu, erreserbatu eta egozten dizkioten eskumenak beteko ditu EAEk´. ´Eta hori horrela da -gaineratu zuen- gure Erkidegoak beti azaldu duelako Justizia Administrazioa osatzen eta garatzen parte hartzeko borondate irmoa. Eta hori guztia kalitatezko zerbitzu publikoa garatzeko eta herritarren onura lortzeko balio izango duen modernizazioa garatzeko helburu argiarekin egin dugu. Gainera, Justizia Administrazioan parte hartzen duten erakunde guztiekin lankidetzan jarduteko prest ekin diogu lan horri, gure ustez, erakunde horien funtzionamendu egokia ezinbestekoa delako Zuzenbidezko Estatu sozial eta demokratiko batean, non Justizia ordenamendu juridikoaren lau balio gorenetakoa baita, askatasuna, berdintasuna eta aniztasun politikoarekin batera´.

Azkarragak, amaiera ekitaldiko hitzaldian, ´sistema judizialean Probintzia Auzitegiek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu zuen, bere ustez, errekurtsoen ebazpenen bidez, ´lan gaitza egiten dutelako irizpideak egituratu eta bateratzeko, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa dakarkie Justiziako agenteei. Halaber, auzitegiak kide anitzekoak izateak talde lana dagoela esan nahi du, eta irizpide desberdinak demokratikoki bateratzen direla´.

Azkarragak adierazi zuenez, ´ahalegin handia egiten den arren, etengabe handituz doa erreklamazio eta auzien kopurua. Estatistiken arabera, organo horiek urtero landu beharreko arazoak ugaldu egiten dira urtetik urtera´. Hala eta guztiz ere, azpimarratu zuen ´auziak gero eta azkarrago ebazten ari dira. Berez, Euskadiko Probintzia Auzitegietako 2001eko datuen arabera, ebazpen-tasa %110 baino handiagoa da kasu gehienetan, batez ere arlo zibilean. Tasa hori %98,3koa izan zen Araban, %118koa Bizkaian eta %113,8koa Gipuzkoan´, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak emandako datuen arabera.

Sailburuaren ustez, dena den, ´herritarrek Justizia motela delako pertzepzioa dute´, eta ildo horretatik adierazi zuen ezinbestekoa dela organo judizialek behar dituzten tresnak eskura izatea. Bestalde, zuzentzen duen Saila etengabeko ahalegina egiten ari dela gogorarazi zuen, modernizazioa bultzatuz, azpiegiturak hobetuz, teknologia berriak zabalduz eta Justiziarekiko lankidetzarako zerbitzu berriak ezarriz.

Justiziarako Estatu Ituna dela eta plazaratutako erronkak ere izan zituen hizpide Azkarragak, eta ziurtatu zuenez, erronka horiei aurre egiteko ´norabide berean lan egiteko konpromisoa behar da, adostasuna eta bake soziala bilatuz, errotik -baina halabeharrez- gertatzen ari diren aldaketen aurrean´. Hori dela eta, ´erreformak adostasun horretatik abiatuz egin behar dira, eta Justizia gaietan eskumenak dituzten autonomia erkidegoen ekarpenak kontuan harturik. Lankidetzan jardun behar dugu, bakoitzak bere eskumen-esparrutik, herritarren eskariei erantzun egokia emango dien Justizia Administrazioaren eredu bat ezartzeko probintzia auzitegietan, auzitegi horiek baitira, askotan, benetako tutoretza judizialaren bermatzaileak´. ´Gu -esan zuen amaitzeko- lankidetza horretarako prest gaude, eta hori da gure apustua, elkarrizketaren eta adostasunaren bideak erabiliz aurreratzearen alde gauden modu berean, hori baita biderik egokiena´.

Jatorria: Joseba Azkarraga