Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gaur goizen itxi du, Donostian, “Jesús Mª Alkain Saria” AZTI TECNALIA enpresari emateko ekitaldia. Pakea mutuak antolatutako ekitaldi horretan, Donostiako alkate izan zen Jesús Mª Alkain goraipatu zuen Joseba Azkarragak “hogei urte baino gehiago eman zuelako langileen arazo eta beharrei erantzuna emateko lanean”.

Joseba Azkarraga oso kezkatuta agertu zen “behar baino gehiagotan konponezinezko ondorio larriak dituzten lan-istripuen kopuru handiagatik”. Hori dela eta, “gogoeta” bat egiteko eskatu die guztiei, lan-ezbeharrei aurre egiteko “erantzun egokiena” eman dezaten; “Eusko Jaurlaritza eta Lan Saila beti arduratu dira lan-prozesu desegokien arazo larriaz, eta horren froga da Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen alde egin dugun apustua”, adierazi du.

Enpleguko arduradunak azpimarratu duenez, “gure helburu nagusietako bat lan-istripuak murriztea, edo are gehiago esango nuke, desagerraraztea da. Helburu horretarako aplikatu beharreko politiketan denok inplikatu behar dugu: administrazioa, enpresaburuak, langileak eta sindikatuak. Eta denok, bakoitzak dagokigun arduraren arabera, aurre egin behar diogu arazoari. Eta modu koordinatuan egiten badugu, ziur naiz eraginkorragoak izango garela.”

Era berean, sailburuak adierazi duenez, “Jaurlaritza ziur da arlo horretako ikerketa sustatzea eta I+G egitasmoak garatzea baliagarria izango dela lan-baldintzak hobetzeko. Sailak zuzenean ekin dio jadanik lan horri, OSALANen bitartez, eta zeharka, Euskadiko teknologia-zentroekin lankidetzan”.

Azkarragak segurtasunean inbertitzeko beharra gogorarazi du, lan-istripuen aurka borrokatzeko ezinbesteko tresna gisa: “Jakina da langileen segurtasunerako tresna berriak sartzeko moduari buruzko gogoeta teorikoak gero enpresetako egunerokotasunean aplikatu behar direla. Horrez gain, gero eta nabarmenagoa da praktika egokiak bitarteko egokiez hornitu behar direla. Hori dela eta, ezinbestekoa da enpresaren munduko kultur parametroetan tinko txertatzea, ardatz nagusi gisa, laneko segurtasun eta osasunean gastatzea inbertsio bat dela beste ezer baino gehiago, eta ez bakarrik gastu bat”.

Laneko ezbeharren aurka borrokatzeko tresnak edukitzearen garrantzia azpimarratu zuen sailburuak, eta horien artean aipatu zuen Lan Ikuskatzailetzaren gaineko eskumenaren transferentzia. Azkarragaren ustez, “eskumen horrek ezinbesteko tresna emango liguke ezbeharren aurka lan egiteko”.

Jatorria: Joseba Azkarraga