· 2002an enpresa-sortzaile berriei laguntza eta prestakuntza emateko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egindako inbertsioa 4,5 milioi ingurukoa izan zen, eta autoenpleguaren bidez, 72 enpresa berri sortzea ahalbidetu zen. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak gaur Bilbon adierazi duenez, hark zuzentzen duen sailak “inbertsio-ahalegin handia” egingo du enpresa-ekimen berriak sustatzeko.

Lan Ekintzak antolatutako “Ekintzailearen egunaren” inaugurazioan Azkarragak adierazi du autoenplegua laneratzeko egiazko aukera dela. ´Gure lanaren oinarrizko ardatz bihurtu dira enpresari izaera garatzea eta enpresen sorrera sustatzea”, esan du.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gaineratu du enpresa sortzaile berriei laguntza eta prestakuntza emateko inbertsioa 4,5 milioi euro ingurukoa izan zela 2002an. Inbertsio horri esker, denbora horretan 72 enpresa sortu ziren autoenpleguaren bidez, “72 enpresa horiek aipatzean, sortzen duten enplegu zuzena ez ezik, zeharka sortzen dutena ere hartu behar da kontuan”, Azkarragak adierazi zuenez.

Sailburuak adierazi zuen enpresa-ekimen horiek sektore desberdin askotan garatu direla. Horien artean nabarmendu ziren merkataritza eta ibilgailu motordunen konponketa, 21 enpresaren sorrerarekin. Bigarren kategoria garrantzitsuena gizarte- eta zerbitzu-jarduerena izan zen, 16 enpresarekin guztira, inmobiliaria eta alokairu sektorearen aurretik. Lurralde historikoen arabera, Bizkaian 48 sortu ziren; Gipuzkoan 33 eta Araban 14.

Azkarragak adierazi zuenez “2003-2006rako Enplegu Plan berrian berebiziko garrantzia emango diogu enpresak sustatzen laguntzeko baliabideak pertsonen eskura jartzeari.

Horren ildotik, sailaren ekintzen xedea izan da enpresak sortzen, eta autoenpleguaren bidez laneratzen laguntzeko jarduera oso bat garatzen duten erakundeek toki-mailan kudeatzen dituzten egiturak eta prestakuntza programei laguntza ematea.

Erakunde publiko eta pribatuek arrakastaz eskaintzen eta kudeatzen dituzten baliabideen eta zerbitzuen oparotasuna azpimarratu du Joseba Azkarragak bere hitzaldian. ´Gure asmoa da -duten egoera geografiko edo ekonomikoa edozein dela ere- enpresa-sortzaile guztiei eskaintzea haien beharrei hobekien egokitzen zaien kalitatezko baliabidea, beti ere kontuan harturik enpresa zein sustapen-fasetan dagoen eta negozioaren nondik norakoak.

Jatorria: Joseba Azkarraga